miércoles, 10 de marzo de 2010

Aloñan 30 zuhaitz landatzeko boluntarioak behar dituzte

Aloñako magalean zuhaitz landaketa berezia antolatu dute Aloñako Gurutzearen Lagunek: 30 lizar landatzeko gertu dauden beste horrenbeste herritar behar dituzte. Eguraldiak laguntzen badu, oraingo domekan egingo dute landaketa.
Asmo horren berri eman zuten martitzenean Inazio Irizar eta Fernando Maiztegi elkarteko kideak, Anton Inza Aloña Mendi Kirol Elkarteko presidenteak eta Imanol Biain Oñatiko Natur Eskolako arduradunak. Imanol Artola basozainak emandako laguntza ere bereziki eskertu zuten.
Gertu dauden herritarrek bi bide dituzte izena emateko: aloinalagunak@gmail.com helbide elektronikora mezua bidalita, bat; eta Fernando Maiztegirengana joanda, Patrue Kalen duen tailerrean.
Bloga ere ireki dute
Aloñako gurutzeak 100 urte bete zituen 2001. urtean. Orduan, Aloñako Gurutzearen Lagunek lantxo batzuk egin zituzten gurutzea mantentzeko eta inguruak eta Aloñako aterpea txukuntzeko. Orain, hamar urte pasa eta gero, oñatiarrendako hain kutunak eta esanguratsuak diren inguru eta ikur haiei beste ukitu bat eman gura diete, aurten 30 lizar landatuz eta, bestetik, Aloñako aterpea ere txukunduz. Maiztegik esandakoaren arabera, ordea, orain hamar urte berritu zutenetik aterpea "oso ondo" dago, eta oso txukuntze lan gutxi behar izango ditu.
Hasieran, domekarako, hilak 14, egin dute deialdia. Durun batuko dira, 09:30ean, eta pista kontran 30 zuhaitz landatuko dituzte. Hala ere, egunotan elurra egin duela ikusita, atzeratu beharra egon daiteke. Aldaketa guztien berri emango dute euren blogean: aloinalagunak.blogspot.com.


, Fernando Maiztegi, Anton Inza, Inazio Irizar eta Imanol Biain, Zuhaitz egunerako deialdia egin dutenak, Aloñako gurutzearen mendeurrenaren gaineko liburuarekin.

HEMEN

No hay comentarios:

Publicar un comentario