martes, 23 de marzo de 2010

Juan Carlos Irizarek.«Hegalak Zabalik»

Eskua eskaini eta bihotza jaso, Juan Carlos Irizarrek ezinduekin lanean bildutakoa
Juan Carlos Irizarrek «Hegalak Zabalik» disko berria plazaratu du, ezinduak hizpide hartuta sortutako hamabost kantuko lana, bere bizitzan zeresana izan dutenekin ere lotura zuzena duena.




Disko berria da, hamaika kolaboratzailerekin egindakoa, izan ohi duen estilo erromantikoari eusten diona, lasaia, harmonikoa baina, musika disko bat izateaz harago, izaera pertsonaletik hurbilago dagoen lana da «Hegalak Zabalik», Juan Carlos Irizarrek (Oñati, 1951) kaleratu berri duena. Izen bereko kantua da diskoaren izaera biltzen duena. Amaia Zubiriaren ahotsarekin lagunduta, Zumaiako San Pedro Txiki abesbatzarekin batera, ezintasunari heltzen dio «Hegalak Zabalik»-ek: «Ezinduei eskua luzatzen badiegu, bihotza jasoko dugu», esaten du Mikel Aiertza bertsolariak idatzitakoak.
Minusbaliotasuna ardatz hartuta, diskoak hiru erreferentzia ditu oinarri; Gautena Elkartea (haur autisten gurasoek osatua), Arrasateko Aita Menni ospitale psikiatrikoa eta Gipuzkoako Kirol Egokituen Federazioa. Irizarrek «elkartasun, komunikazio, alaitasun, tolerantzia, errespetu eta maitasunezko» mezua helarazi nahi die edozein ezintasun edo gaixotasun dutenei. Horrela, pertsona horiek «hobeto ulertzen saiatzea eta errukiz ez begiratzea» eskatu zuen atzo Donostian egindako aurkezpenean.
Horiekin batera, beste pertsona batzuei eskainitako kantuak ere aurki daitezke lan honetan: «Gure Mokolo» (orain gutxi hildako Iñaki Odriozola pailazoa), «A Vicente Zaragüeta» (Donostiako Aquariumeko zuzendaria, non Esther Esparza kazetari eta aktoreak sortutako olerkia errezitatzen den), «Goizalde», «Garmo Negro», «Zumaia», «Gure Babexa», «Romance Anónimo», «Imagine», «Zarautz», «Sinfonia» eta «Egunez egun», Irizarren eremu pertsonalean zeresana izan dutenen inguruan sortuak.
Kolaborazioak
Disko honetan piano-jotzaile oñatiarrak hainbat musikariren laguntza jaso du. Besteak beste, Iker Orozco (oboea), Raimundo Flores Mundi (tronpeta), Joe Gonzalez (saxofoia), Karmelo Mendizabal (eskusoinua), Joxe Mari Anduaga eta Angel Ruiz (gitarrak), Bilboko Orkestrako biolin-jotzaileak eta Alvaro Fernandez (armonizista) izan ditu alboan.

GARA

No hay comentarios:

Publicar un comentario