jueves, 13 de mayo de 2010

Eskolako Agenda 21: energia neurriz erabiltzeko konpromisoak

Eskolako Agenda 21 programaren barruan landutako eta ateratako ondorioak aurkezteko, herriko ikastetxeetako ikasleen ordezkariak udal arduradunekin bildu ziren atzo. Alkateari, eta zerbitzuak eta azpiegiturak, eta nekazaritza eta ingurugiroa batzordeetako zinegotzi eta teknikariei energia neurriz erabiltzeko atera dituzten proposamenak aurkeztu zizkieten.
Elkar Hezi-Mikel Aozaratzako, Txantxiku Ikastolako, Errekalde Herri Eskolako eta Zuazola-Larrañako neska-mutikoek parte hartu dute Eskolako Agenda 21 programan.
Askotariko ekintzak egin dituzte. Batzuk, ikastetxe barruan, euren jokaerak eta eskolako funtzionamendua aztertzeko. Beste batzuk aldiz, herriko egoera ezagutzeko egin dituzte.
Irteera eta ekintza bereziak
Bestalde, ikastetxean eta herrian egin dituzten ekintzekin batera, hainbat irteera eta ekintza berezi egin dituzte energiaren gaia hobeto ezagutzeko: Olateko zentral hidroelektrikoaren funtzionamendua ezagutu zuten, Badaiaiko parke eolikoan egon ziren energia berriztagarrien ezaugarriak ikasteko, eta Cosmodisea programaren bidez, auto ekologikoak diseinatu dituzte, besteak beste.
Gainera, euren iritziz, energia aurrezteko herrian egin beharko liratekeen aldaketen berri eman zuten. Besteak beste, Gabonetan argidun apaingarririk ez ipintzea; kaleko argiteriako sentsoreak kontrolpean edukitzea; argitasun gutxi dagoen tokietan argiztapen gehiago ipintzea; eraikin publikoetan eta kale argiterian kontsumo baxuko bonbillak ipintzea; semaforoei plakak ipintzea; bidegorri sarea hobetzea, eta Lanbus eta garraio publikoa merkatu eta zabaltzea eskatu zieten.
Herritarren iritzia
Herri mailako diagnosia egiteko herritarren artean galdeketa egin zuten, eta bost ondorio atera zituzten: informazioa falta dagoela; garraio publikoa ez dutela erabiltzen; argia eta gasaren prezioak garestiegiak direla uste dutela; energia aurrezten ahalegintzen direla; eta kontsumoa geroz eta handiagoa dela.
Gainera, euren aldetik, energia aurrezteko "ahal duten guztia" egingo dutela esan zuten, eta 12 konpromiso aurkeztu zituzten.
> Tresna elektrikoak neurriz erabili eta erabili ondoren guztiz itzalikoko ditugu.

> Tresna berriak erosterakoan, zein energia mota behar duen eta zenbat kontsumitzen duen kontuan izango dugu.

> Argiak beharra dagoenenean bakarrik piztuko ditugu.

> Kontsumo baxuko bonbillak erabiliko ditugu.

> Gure ikastetxe eta etxeetan leiho eta ateak itxiko ditugu berogailua piztuta dagoenean, eta hotzik ez dagoenean ez ditugu piztuko.

> Autoaren ordez, oinez edo bizikletan ibiltzen ahaleginduko gara, bidegorri sarea erabiliz.
> Garraio publikoa erabili eta bultzatuko dugu.

> Papera eta ontzien kontsumoa murriztuko dugu. Ondoren, berrerabili, eta azkenik, birziklatu egingo dugu.

> Berrerabil daitezkeen pilak erabiliko ditugu ikastetxean.

> Ikastetxeko energia kontsumoaz ohartaraziko diegu langileei, ikasleei eta gurasoei, eta oporretan guztia itzalita utziko dugu.

> Ikastetxeko panelei jarraipena egingo diegu, haien errendimendua ahalik eta handiena izan dadin.

> Fotokopiak bi aldetatik egingo ditugu.
GOIENA

No hay comentarios:

Publicar un comentario