viernes, 28 de mayo de 2010

Langileen ia %100ek egin du metalgintzan greba sindikatuen arabera; %35ek Adegiren arabera

ELAk, LABek eta CCOOek deituta greba egin dute Gipuzkoako metalgintzaren arloko enpresetako langileek. Sindikatuen esanetan, grebak jarraipen handia izan du, Debagoieneko herri gehienetan ia %100eko jarraipena izan baitu. Adegik, aldiz, adierazi du grebak ez duela jarraipen handirik izan, gaur sektore honetako langileen %65ak lan egin baitute.
Metalgintzaren arloko hainbat langilek greba egin dute gaur ELA, LAB eta CCOO sindikatuek deituta. Debagoienean grebak jarraipen handia izan duela adierazi dute sindikatuek. Besteak beste, Eskoriatzako Tesa, Arrasateko Polmetasa, Bergarako Arcelor eta Candy-Hoover, eta Oñatiko Garai, Cegasa eta Txintxurreta enpresetako langileek greba egin dute. LABen ustez, jarraipen ona izan du gaurko grebak.
Eguerdian, Adegik hartu nahi dituen neurrien aurka protestatzeko manifestazioa egin dute Donostian. Sindikatuek ez dute Debagoienean mobilizaziorik egingo gaur, baina bai hurrengo ostiralean.
Grebaren deitzaileek adierazi dute Eskoriatzan %100ek egin dutela greba; Antzuolan, Bergaran, Oñatin eta Elgetan ere ia sektoreko langile guztiek, eta Aretxabaletan eta Arrasaten lanuzteak jarraipen handia baina beste herrietan baino txikiagoa izan omen du, tailer txiki batzuek grebarik egin ez dutelako. LAB sindikatua pozik agertu da grebak izandako jarraipenarekin. Langileak beraien lan eskubideak murriztearen aurka agertu direla esan dute eta hitzarmen justu bat lortu arte sindikatuek lanean jarraituko dutela adierazi dute.

CCOOek adierazi du, bestalde, Gipuzkoako metalgintzako langileen %90 inguruk egin duela greba. Beraien ustez, Adegik gaurko grebaren emaitzak ikusita autokritika egin beharko luke; ez dute ulertzen zergatik indargabetu behar den hitzarmen kolektiboa Bizkaian eta Araban hitzarmenak indarrean jarraitzen badu.
Adegiren arabera metalgintza arloko langileen %65ak lan egin du
Gipuzkoako enpresarien elkarteak oso bestelako irakurketa egin du grebaren gainean. Adegik esan du Gipuzkoan grebak %35eko jarraipena izan duela. Beraien ustez, sindikatuen jarrerak ez du laguntzen krisi ekonomikotik irteteko. Adegirendako, grebaren jarraipenaren irakurketa da langileek eskatu dietela sindikatuei kalera irten beharrean negoziazio mahaira buelta daitezela.
GOIENA

No hay comentarios:

Publicar un comentario