lunes, 26 de julio de 2010

Abuztuko lehen hamabostaldian espero dituzte gurean bisitari gehienak

Azken momentuan, landetxeetan, landa turismoetan eta hoteletan erreserba batzuk eginda daude; gehienek bizpahiru egun igaroko dituzte Debagoienean. Aurtengo eskaintzari dagokionez, hainbat berrikuntza gertatu dituzte: Zubiate labea, Eskoriatzan; espeleoabentura, Arrikrutzen; eta Intxortako ibilbide tematikoa, Elgetan.


Udako oporrak. Urtebete zain egon ostean, azkenean iritsi dira; gehienendako, behintzat. Batzuek deskantsatzeko aprobetxatuko dute eta beste askok turismoa egiteko; azken horiek hartzeko gertu gaude dagoeneko Debagoienean. Oraindik mugimendu larregi igarri ez bada ere, abuztuko lehen hamabostaldian bisitariak espero dituztela esan digute bailarako turismo arloko profesionalek.
Ostatuetan, oraingoz, ez dago erreserba askorik eginda. Elgetako Eguzkitza landetxeko Mari Karmen Osak, esaterako, azaldu digu urte osoan langileak izan dituela etxean eta, hortaz, ez duela erreserbak hartzerik izan. Dena dela, gaineratu du jendeak azken momentura arte itxaroten duela eta lehen hamabostaldian landetxea beteta izatea espero duela.

Iaz baino zertxobait gehiago
Bestalde, Aretxabaletako Areantza auzoan dagoen Mitarte Garai landa turismoko Mariasun Zaloñak esan digu lehenengo hamabostaldirako hainbat erreserba dituela: "Abuzturako apurka betetzen doa eta uztailean ere mugimendu apur bat egon da. Orain dela hamar urteko kontuetara ez gara itzuliko, baina ez doa horren txarto. Nik uste dut iazkoaren antzera edo zertxobait gehiago egongo dela aurten".
Hoteletako egoera antzekoa da. Oñatiko Etxe-Aundiko Ramon Murillok esan du lehen hamabostaldirako "zertxobait" dutela: "Oraindik ez gaude %100ean, baina erreserbak eginak ditugu. Hotel txikia dugu, 12 logelakoa, eta, hortaz, betetzea ez da zaila. Abuztua ez den udako gainerako hilabeteetan, Ulma eta inguruko enpresetara datozenekin beteta dugu".
Bisiten iraupenari dagokionez, Mitarte Garaiko arduradunak dio astebetez egongo direnak badaude ere, gehienak bizpahiru gau egoten direla. Etxe-Aundin ere bat datoz Aretxabaletakoarekin: turista gehienak Kataluniakoak eta Valentziakoak dira eta asteburu bat hartzen dute ostatu.

Zubiateko labea
Debagoienean zehar banatuta dauden turismo bulegoak turista horiek hartzeko gertu daude. Aurtengo eskaintza, gainera, berrikuntzekin dator: Eskoriatzan, esaterako, Ibarraundi museoa bisitatzeaz gain, ondoan dagoen Zubiateko labea ere ezagutu ahal izango da.
Euskal Herrian gordetzen den zeramika labea adibide onenetakoa da, eta gaur egunera iritsi den mota horretako (arabiarra) bakarra Gipuzkoan. Horrez gain, XIX. mendeko buztingintza eta zeramika gertutik ezagutzeko aukera izango da toki berean. Izan ere, Bi esku buztina lantzen izeneko erakusketa ipini dute. Panel informatibo, argazki eta ikus-entzunezkoen bidez zeramika ekoizteko prozesu guztia azaltzen da. Goizez bisitatu ahalko da, aurretik Ibarraunditik joanda.
Historia eta ibiltzea gustuko dutenek, gainera, Elgetako Intxortako magalean dagoen ibilbidea egin ahal izango dute. 36ko gerra oinarritzat hartuta esandako mendi magalean izandako frontea ezagutzeko aukera izango dute turistek. Horren abiapuntua, dena dela, Espaloian dago. Herritik hasita, Asentzioko atsedengunera doa bidea, eta, gero, Intxortako atea monumentutik eta La Belga puntua igarota, Salbador ermita aurrean aurkituko dute azken informazio panela.
Bestalde, abentura gehiago nahiago dutenek Arrikrutzeko kobak beste modu batean ezagutu ahal izango dituzte aurten lehen aldiz. Hiruzpalau ordu irauten duen bisita horretan, Mercel Lopurben galeria bisitatuko dute, eta mundu ezezagun eta misteriotsuan murgildu. Bisita programatuak dira horiek, abuztuaren 14an eta 28an egingo direnak. Interesatuek aurretik eman beharko dute izena eta material erosoa, mendiko botak eta frontala eraman beharko dituzte bisitarako.
Horrez gain, ohiko tokiak ere gertu egongo dira, bisita gidatuen bidez: Leintz Gatzagako gatz museoa; Oñatiko unibertsitatea eta parrokia, Arantzazuko santutegia eta Gomiztegiko artzain eskola; eta Bergarako erdigune historikoa, hain justu.
Uztaileko bisiten eta abuzturako aurreikuspenen gainean denetarik dago turismo bulego eta museoko arduradunen artean. Eskoriatzako Ibarraundi museoko Nerea Aranak azaldu digu uztailean jendea pasa dela handik, herriko margolarien erakusketa dagoelako hilaren 30era arte. Abuztuari dagokionez, iazkoaren antzekoa izango delakoan dago.



Oñatin kanpaina
Oñatiko Garapen eta Turismo Agentziako gerente Ikerne Altubek esan digu ekainean jende gutxiago ibili dela herrian eta Arantzazun; eta Arrikrutzen, ostera, bisitarien kopuruak gora egin duela. Horrekin batera, azaldu digu kanpaina bat jarri dutela martxan, turismoarekin lotutako tokietan Oñatiri buruzko informazioa banatuta. Dagoeneko emaitzak eman dituela eta abuztuan ere horren eragina igarriko dutela uste du: "Oso harrera ona ari da izaten".
Bergaran ez dakite abuztua zelan etorriko den. Gogorarazi dute, dena dela, aurten ez direla ingelesezko bisita gidatuak eskainiko eta seminarioa ere ez dela bisitatuko, obretan dagoelako. Horrek eragina izan dezakeela uste dute. Leintz Gatzagako Labideako arduradun Aitziber Gorosabelek, azkenik, gogorarazi du pasoko herria dela eta, hortaz, normalean, jendeak ez duela aurretik hitzorduak lortzen. Hortaz, momentuan bertan egiten dituzte bisitak, ahal izanez gero.



Bulegoak zabalik
OÑATI
Arrikrutz
> Ordutegia: 10:00-14:00 eta 15:00-19:00.
> Telefonoa: 943 08 20 00.
Arantzazuko santutegia
> Ordutegia: 10:30, 11:30, 12:30, 16:00 eta 17:00.
> Telefonoa: 943 71 89 11.
Turismo bulegoa
> Ordutegia: Unibertsitatea eta parrokia: 12:30 eta 17:00.
> Telefonoa: 943 78 34 53.
Gomiztegi artzain eskola
> Ordutegia: Bisita gidatuak taldeendako aurretik deituta.
> Telefonoa: 943 25 10 08.

LEINTZ GATZAGA
Gatz museoa
> Ordutegia: Bisita gidatuak. Abuztukoak zehaztu barik.
> Telefonoa: 665 73 95 49.

ESKORIATZA
Ibarraundi eta Zubiate
> Ordutegia: 09:00etatik 14:00etara, astegunetan.
> Telefonoa: 943 71 54 53.

BERGARA
Herriko erdigune historikoa
> Ordutegia: Astegunetan, 10:30-14:00 eta 16:00-19:00; eta gainerakoetan goizez.
> Telefonoa: 943 77 91 28.
GOIENA

No hay comentarios:

Publicar un comentario