jueves, 27 de enero de 2011

Asobaleko taldeek urteroko hitzordua dute zapatuan Oñatin

2011-01-26 17:05:10 Xabi Urzelai
Aloña Mendiko eskubaloi sailekoak arduratu dira, dagoeneko derrigorrezko bilakatu den hitzorduan, puntako eskubaloia debagoienera ekartzeaz. Hala, ligako bigarren itzulia gertatzen dabiltzan Arrate eta Cuatro Rayas Valladolid taldeak izango ditugu zapatuan, 18:30ean, Zubikoan.

Atseden hartzeko eta datozen hilabeteotan izango dituzten partiduak prestatzeko egunak dira hauek Asobalekoendako, izan ere, otsailaren 5ean itzuliko dira ligara lanera. Lagunarteko partiduaren aurretik, gainera, Eibarko taldeko entrenatzaile Julian Ruizek berbaldia egingo du, Oñatiko unibertsitateko Areto Nagusian, 11:00etan.

Eibartarrek lana dute aurretik
Bigarren itzulira begira, Arrateko gizonek lan handia dute egiteko, lehenengo itzulia atzealdean amaitu dute-eta, hamalaugarren postuan eta sei puntu batuta; hala, kategoriari eusteko lehia bizia izango dute. Euren alde, puntu bat gehiago baino ez dutela aurrerago dauden Guadalajarak, Torreviejak, Naturhouse La Riojak eta Alser Puerto Sagunto taldeek. Biharko kontrario Valladolidek, berriz, sailkapenean aurrealdean dabiltzan taldeak harrapatzea izango du helburu, zazpigarren daude-eta.

Aurreko ediziotakoa errepikatzen bada, bihar Zubikoako harmailatik bete egingo dira bi talde hauek ikusteko. Datua: iaz 23-26 galdu zuen Arratek.
ARGAZKIA:Arrateko jokalaria, ligan, atera jaurtitzen.

No hay comentarios:

Publicar un comentario