jueves, 13 de enero de 2011

Bidebarrikoak arduratzen dira Oñatiko Azkoagain txukun izateaz


Joan den abenduaren 1a ezkero du Bidebarri Enplegu Zentroa enpresak Oñatiko Azkoagain udal futbol zelaiaren zaintza, garbiketa eta mantentze lanen ardura.

Kontratazioarekin batera, tokiko gobernu batzarrak erabaki du 23.210,32 eurotan (BEZa kanpo) emango diola esandako zerbitzua.

Orain arte Aloña Mendi kirol elkartea arduratu da lan horretaz. 2007ko abenduaren 31n, Aloña Mendi elkartearen eta Oñatiko Udalaren arteko hitzarmena sinatu zen eta bertan, besteak beste, onartu zuten esandako kirol elkarteak Ibarra eta Azkoagain kirolguneetan egiten ziren mantentze eta garbiketaren truke 25.000 euroko dirulaguntza emango ziola urtero Oñatiko Udalak.

Erabilera aldatu egin da
Garai hartan Aloña Mendikoek erabiltzen zuten Azkoagain, eta, hortaz, horren ardura hartzea erabaki zuten. Egoera aldatu egin da azkenaldian. Ibarra instalazioak desagertu zirenetik futbol zelaiaren erabilera asko aldatu da, besteak beste, herri mailako futbol praktika guztiak bertan egiten direlako. Beteranoak eta eskola kirolekoak dira futbol zelaiko erabiltzaileetako batzuk.

Hori dela eta, Aloña Mendikoek horrela eskatu dutelako eta Udalaren Kirol Zerbitzuak proposamenarekiko oniritzia agertu duelako, mantentze, zaintza eta garbiketa lanak Udalak bere gain hartzea erabaki du eta, esan bezala, Bidebarri Enplegu Zentroari eman dizkio.

Jakina denez, esandako enpresa 1996. urteko ekainaren 14an sortu zuten, lana aurkitzeko orduan zailtasun gehien dituzten taldeei laguntzeko. Arazo pertsonalen ondorioz lan-merkatutik kanpo daudenei lana edo konponbideren bat ematea da helburua. Ildo horretan, edozein motatako ezintasunak edo ekonomia eta gizarte-baldintza kaskarrak dituztenak hartzen ditu bereziki kontuan. Oñatiko Udala gaur egun enpresaren %50eko parte hartzeko kuotaren jabe da.

Urtebeteko kontratua
Oñatiko Kirol Zerbitzuko teknikari Oskar Carracalek azaldu digu esleipena futbol zelaian egin beharreko lan horiek "arautzeko" egin dela eta "premiazko" esleipen bat izan dela: "Premia sortu zen eta azkar eman behar genion irtenbidea horri. Dena dela, esan beharra dago behin-behineko esleipena dela, urtebeteko iraupena duena. Joan den urteko abenduaren 1ean hartu zuten Bideberrikoek lana eta aurtengo abenduaren 31n bukatuko zaie kontratua. Hori amaitzean, esandako zerbitzua lehiaketa publikora ateratzeko asmoa dugu".

Bidebarri lan horietarako aukeratzerakoan kontuan izan dituzten hainbat arrazoi ere aipatu dizkigu. Enpresaren helburua zein den eta krisia horretan izaten ari den eragina ikusita, Azkoagaineko zerbitzu hori Bidebarriri zuzenean esleitzea onartu dute. Aurretik, baina, gaia ondo aztertu dela eta Ogasun eta Kirol batzordeen irizpenak aldekoak izan direla jakinarazi nahi izan du.

Bi langile
Aloña Mendiren garaian, langile bakarra zebilen Azkoagainen lanean. Orain, ostera, bi langile dabiltza beharrean, txandaka. Egiten duten lanen gainean ere jardun du Carrascalek: "Oinarrizko mantentze-lanak egiten dituzte; hau da, ez dira gauza teknikoetan sartzen. Batez ere, instalazioak garbi eta egoera onean edukitzeaz arduratzen dira". Eta orain arte egindako lanaren balorazioa ere egin nahi izan du Kirol Zerbitzuko teknikariak: "Oso pozik gaude, eta balorazioa positiboa da; izan ere, beti daude hobetu behar diren gauzak, baina funtzionamenduak berak denborarekin esango digu horiek zeintzuk diren".

Ezin izango dira pipak edo palomitak jan
Zaintze, mantentze eta garbiketa lanen gaineko erabakiaz gain, tokiko gobernu batzarrak erabaki du Azkoagainen pipak, palomitak edo antzekoak jatea debekatzea. Esandako erabakia argudiatzeko, azaldu dute horrelako jangarriek eragina dutela futbol zelaian. Horren harira, azpimarratu dute haizeak zabaldu egiten dituela eta futbol zelaitik horiek jasotzea oso zaila dela. Gauzak horrela, kirol instalazio horretan halakoak jatea debekatuta dagoela dioten kartelak jarri dira.
GOIENAtik

No hay comentarios:

Publicar un comentario