lunes, 21 de febrero de 2011

Salomonen irudia apirilean ekarriko dute Oñatira

2011-02-21 17:03:47 Miren Arregi
Gipuzkoako Foru Aldundiak Artelekun duen zaharberritze tailerrean dago une hauetan Oñatiko San Migel parrokiatik duela ehun urte ostutako Salomonen irudia. Duela pare bat aste bueltatu duten irudia oso egoera kaxkarrean dago eta une hauetan zaharberritzen ari dira. Garbitu, behar dituen tratamenduak eman eta koloreak berera bueltatu ostean, berrogeialdian utziko dute, zomorroak hil arte. Aurreikusten da, apirilean ekarriko dutela Salomon bere jatorrizko tokira.

Eskumako eskua eta ezkerrekoaren zati bat falta ditu Oñatiko San Migel parrokiako Salomon errege-profetaren irudiak; hala ere, ez dizkiote berriak ipiniko. Helburua ez da 1533an irudia egin zutenean zuen itxurara bueltatzea, baizik eta historiak pasarazi dizkionak errespetatuz, irudia zaharberritzea. 60 zentimetro ditu Salomon errege profetaren irudiak, gainontzeko San Migel parrokiako profeten irudiak bezala. Erretaulan daudenak Artelan enpresak errestauratu zituen 1999an. Gipuzkoako Foru Aldundiak errestauratuko du, berriz, Xabier Martiarenaren eskutik, Salomonena. Esan bezala, apirilean ekarriko dute Oñatira.
ARGAZKIA:Xabier Martiarena Artelekuko zaharberritze tailerrean Salomonen irudiarekin

1 comentario: