miércoles, 20 de abril de 2011

BAKEAREN ALDE


Bakearen alde abestuko dute 300 haurrek Arantzazun

2011-04-20 10:15:56 Arantzazu Ezkibel
Bakearen aldeko kontzertua eskainiko dute haur kantariek hilaren 30ean Arantzazuko Santutegian. '300 ahots zuri' izena jarri diote kontzertuari. "Iniziatiba hau sortu zen Euskal Herrian bai politikoki eta baita sozialki ere bakearen ideia indartzen ari zen unean", azaldu du Santos Sarasolak, Easo Abesbatzako presidenteak. Mundu osoan ezagunak diren abestiekin osatu dute egitaraua, baina espresuki neska-mutilendako egokituak. Kontzertua 12:00etan izango da.

Kontzertu berezi horretan lau abesbatzak parte hartuko dute: Donostiako Orfeoi Txikia, Easo Abesbatza, Bilboko Korala eta Zaragozako Amici Musicae abesbatzak. Hilaren 30ean, zapatua, 12:00etan, izango da kontzertua. Saioak bi zati izango ditu: lehenengo zatian abesbatza bakoitzak bakarka eskainiko ditu abestiak; bigarren zatian, ostera, lau abesbatzek elkarrekin abestuko dute.


Prestatu dituzten abestiak mundu guztian ezagunak diren lanak dira: "Ez da musika sakroa izango, orain dela bi urteko kontzertuan bezala. Mundu guztian ezagunak diren abestiak eskainiko ditugu", dio Sarasolak.
Bigarren zatia hasiko dute Beethovenen Himno a la alegría abestiarekin. Moises Bautistak egin dizkio moldaketak abesti originalari. Ondoren, Immanuel –Michael Card–, Lo bello que es vivir –Nikol Piovani– eta My heart will go on –James Horner Will Jennings– lanak eskainiko dituzte. John Lennon eta Paul McCartney Beatles taldeko musikarien All You need is love abesti ezagunarekin jarraituko dute gaztetxoek. Ondoren, I have a dream –Benny Andersson Bjöm Ulvaeus– lana eskainiko dute eta saioa amaituko dute Mikel Laboaren Txoria txori abesti ezagun eta hunkigarriarekin. "Ez dute abestuko guk ezagutzen dugun moduan, abestiak Moises Bautistaren moldaketak izan ditu eta egokituta dago gaztetxoek abesteko", dio Sarasolak.

Hilaren 29an Kursaalean

Sarasolak dio kostu handia duela horrelako ekitaldiak antolatzea, batez ere haurrak kanpotik ekarri eta hemen izateak. Hori dela eta, hilaren 29an bakarrik entseatuko dute haur guztiek batera. Esan behar da musu-truk abestuko dutela haurrek.
Arantzazukoa, baina, ez da izango eskainiko duten kontzertu bakarra. Hilaren 29an Donostiako Kursaal auditoriumean eskainiko dute beste saio bat, 20:00etan. Donostiako kontzerturako sarrerak 15, 22 eta 27 eurotan daude salgai eta Arantzazuko kontzertukoak, 15 eurotan.

Arantzazun giro berezia

IPD Management enpresako zuzendari Javier Trosek antolatuta 2009an egin zen horrelako ekitaldi bat Arantzazun. Orduan, Kulturen arteko topaketak izenarekin Espainiako hiru eskolania onenek parte hartu zuten. "Harrera beroa egin ziguten Arantzazun. Ederra da santutegia berez, eta giro berezia sortu zen", azaldu du Sarasolak. Arantzazuko fraideen aldetik jaso duten laguntza ere bikaina izan dela gaineratu du Easo Abesbatzako presidenteak. Arantzazu Fundazioa bakegintzan erreferente bilakatu delako "leku egokia" da santutegia horrelakoetarako.

No hay comentarios:

Publicar un comentario