miércoles, 25 de mayo de 2011

Andoni Azkargorta da Aloñako entrenatzaile berria

2011-05-25 10:30:02 Xabi Urzelai
Andoni Azkargorta antzuolarrak entrenatuko du Aloña mendi taldea. Astelehenean, Harmailatik saioan ez zuen ezer aurreratu nahi izan, Eibarkoek halaxe eskatu ziotelako. Baina, askoren ahotan zebilena publiko egin da, Eibar utzi eta ohorezko erregional mailara itzuliko da, ondo ezagutzen duen kategoriara.

Eibarko ohorezko gazte mailako taldean egin du Andoni Azkargortak azken denboraldia: "Eta urte polita izan da, gazteekin lan egitea ezberdina da, eta Eibarren igartzen da emaitzak lortzeko presioa. Baina urte positiboa izan da". Aloña Mendi, baina, behin baino gehiagotan ahalegindu da Azkargorta fitxatzen. Gorritxoek Aitor Oruetarekin egin dituzte azken hilabeteak, kirol zuzendariak entrenaile postua bete behar izan zuelako, Pablo Diez ordezkatzeko. Oruetaren esanetara Aloñak lasaitasun postuetara egin zuen salto, eta orain Azkargortak beteko du Oruetaren lekua, Oru tekniko lanetara itzuliko delako.

Azken egunotan Azkargortak hainbat eskaintza izan ditu, baina ordurako talde oñatiarrarekin konprometituta zegoen, eta lehenbailehen hasiko dira datorren denboraldia prestatzen.

Ibarreko taldeak ondo ezagutzen dituena

Andoni Azkargorta futbolzale amorratua da, futbolagatik gaixotzeko kapaza den horietakoa. Antzuolako taldean hasi zen entrenatzaile lanetan, eta ordutik Agorrosinen eta Mojategin egin ditu entrenatzaile lanak, Bergara eta Mondra entrenatuz. Aurtengo denboraldian, Igor Gordobilekin batera Eibarrera egin du, eta Azkargortak ohorezko gazte mailako taldea zuzendu du. Taldeari kosta egin zitzaion emaitzak batzen hastea, baina azkenean ondo amaitu dute denboraldia.

No hay comentarios:

Publicar un comentario