viernes, 23 de septiembre de 2011

Laster irrintzi-txapelketa egingo dute Urnietan; Urretxun ere egin ohi dute, sanjoanetan / Primi Erostarbe zen horretan iaioa / Garai batean, ohiko irrintziez gain, hitzezkoak ere izaten ziren
23.09.11 - 03:08 - Felix Ibargutxi


Irrintzilari-txapelketa antolatu dute Urnietan San Migel egunerako (hilak 29). Hango Iñistorra Euskaltzaleen Biltzarrak Euskal Herri osotik nahi ditu erakarri irrintzilariak. Urnieta ez da, kontu hauetan, bakarra. 2000ko hamarkadan Urretxun ere egin izan da horrelako txapelketa, San Joanetan, eta lehiaketa oso herrikoia da; herritar xumeek hartzen dute parte. Hernaniko Zikuñagako festetan ere izan da saiorik. Irrintzia beti iruditu zait gauza misteriotsu xamarra. Oker nengoen. Uste nuen garai batean emakumeek bakarrik egiten zutela irrintzia; eta batik bat «trikitixa giroko» emakumeek, nolabait esateko. Baina pixka-pixka bat galdetu eta arakatzea nahikoa izan da uste okerraz jabetzeko. Joxemari Iriondorekin hizketan, segituan eman dit datu argigarria, Azpeitian kokatua: «Ni mutikoa nintzela, Atxumarri alde hartan behin baino gehiagotan entzun nituen basomutilen irrintziak. Arrantxeroak egiten zuen irrintzi, adierazteko lagunei otordu prest zegoela eta azaldu behar zutela mahaira. Haietako asko nafarrak ziren». Niretzat, irrintzia beste gauza bat zen: Primi Erostarbe. Ezin dut burutik kendu aspaldiko irudi bat, non agertzen den Primi pandero jotzen eta irrintzi egiten. 70. hamarkada hasierako irudia izan liteke, eta baserritar jantzita ageri da emakume hori. Araozko baserria laga eta, neskatila zela, Donostiara etorri zen zerbitzatzera. Soinujole askoren aldamenean jardun zen hainbat urtez, ia-ia 40 urtez. Baina bera bakarrik ere (panderoa eskuetan) makina bat aldiz aritu zen. 70eko hamarkadan, Donostiako orduko Centro de Atracción y Turismok antolatuta –Joxemari Iriondoren laguntzaz– irrintzi-txapelketak egin ziren Donostian, eta hasierako bi urteetan gure Primi nagusitu zen. Baina, berez, zer izan da irrintzia? Idazki zaharretan esaten da «artzainen oihua» zela. Eta frantziar batek idatzi zuen aspaldiko garaietan inbaditzaile musulmanak izuturik geratzen zirela garrasi hau entzutean. Erromantikoen asmazioa izan litezke bi datuok. Batek jakin. Eta gero zer funtzio izan ditu oihu honek? Pozezko oihua izan da beti? Azken urteotan kutsu erreibindikatiboa eman dio ezker abertzaleak, eta bere erritoetan txertatu; adibidez, presoen omenezko erritoetan.


Hitzezko irrintziak

Gaur egun, arnasa-kolpe bakarreko irrintziak du estimazioa. Jendeak birika-ariketa moduan hartu ohi du. Baina aspaldiko garaietan ere hala ote zen? Bestalde, oraindik hainbeste urte ez dela, izaten ziren irrintzi kantatuak ere, hau da, bere letra zutenak. Primi Erostarbek, pandero jotzen ari zelarik, hau esaten zuen, adibidez: «Heldu-heldu-heldu gerri-gerri-gerritik eta pixka-pixka-pixka bat beheraxeagotik!». Juan Mari Beltranek Primiren irrintzi batzuk sartu zituen ‘Euskal Herriko soinu tresnak’ diskoetan. Zumarragako Trikitixan pandero jotzen ibilitako Miguel Urteagak kontatu didana ere oso argigarria da: «Zumarragan, 40ko hamarkadan, baziren aita-seme batzuk, Aristegitarrak, Bonifacio eta Rafael. ‘Los navarros’ esaten zitzaien eta igeltseroak ziren. Badakit, anaiak esanda, 1944. urte aldera, San Martzialetako erromerian, Irunen, irrintzika ibili zirela, punta banatan, hitzak esanez eta elkarri erantzunez. Adituta daukat garai haietan, trikitilariei ez ezik, irrintzilariei ere kontratua egiten zitzaiela».

Gudariak eta Franco

Baina irrintzi famatuena ‘Eusko gudariak’ abestikoa da. Jose Ignazio Ansorenaren ‘Euskal kantak’ liburuan irakurri dudanez, kanta horren doinua, berez, herrikoia da, adibidez Bilintxen ‘Mando baten gainean’ erabiltzen dena. Hitzak, Algortako José María Garatek jarri zizkion 1932an. Hasieran, bertso bakar baino ez zen. Bigarren bertsoa, irrintzia aipatzen dena, 1936ko gerra heldu zenean erantsi zitzaion kantari. Alejandro Lizaso errenteriarrak asmatu zituen beste hitz horiek: «Irrintzi bat entzun da / mendi tontorrean /goazen gudari danok / ikurrinan atzean». Lizaso hori ez zen edozein: Errenteriako Udal Txistulari Bandakoa eta Itxarkundiako kapitaina. Nahiz eta gudarien ereserkian irrintzia aipatzen den, badirudi gero, Francoren agintealdi luzean zehar, oihu-mota honek ez zuela aparteko konnotazio politikorik izan. Eta agintariek ez zuten behintzat oztoporik jarri Irrintzi izeneko elkarteak sor zitezen. Zarautzen , 50eko hamarkadan, indar handia izan zuen Grupo Cultural Irrintzi-k, zeinak dantza-saioak antolatu baitzituen, besteak beste. Zumarraga-Urretxun, 1967an Irrintzi Dantza Taldea sortu zen, orain ere lanean ari dena. Eta Oñatin, 60ko hamarkadan, izen horrekintxe bataiatu zuten otxote bat.

Bukatzeko:2006an Ipar Euskal Herrian erresistentzia-talde bat sortu zela –lehergailu txikiak baino erabili ez dituena–; eta zer izen aukeratuko, eta Irrintzi.
FOTO:RUPER

No hay comentarios:

Publicar un comentario