jueves, 22 de marzo de 2012

Ingeniari asmatzaile handi batean oinarritutako eleberria



Kalean da Echenozen trilogiaren azken alea, ‘Tximistak’, hau ere Gerardo Markuletak euskaratua eta Meettok-ek argitaratua

22.03.12 - 08:58 - FELIX IBARGUTXI


Aspaldi esan zuen zuen Jean Echenozek (Frantzia, 1947) hiru eleberri egin nahi zuela pertsonaia erreal banatan oinarrituak. Egin zuen ‘Ravel’ (izen bereko musikaria gai moduan hartuta), egin zuen ‘Courir’ (‘Lasterka’, Emil Zatopek korrikalariari buruzkoa) eta, azkenik, 2010ean trilogia azken alea plazaratu zuen, ‘Des éclairs’ (‘Tximistak’), Nikola Tesla (1856-1943) ingeniari eta asmatzaile handiari buruzkoa. Hiru lanok euskaraz irakur daitezke jadanik, hirurak Meettok argitaletxe donostiarrak atereak, eta atzo bertan aurkeztu zen horietan azkena.


Echenozek halako genero hibrido bat landu du hiru eleberri hauek idazterakoan. Atzoko aurkezpenean Gerardo Markuletak adierazi zuenez, «ez dira eleberri biografikoak, ezta biografia nobelatuak ere. Nagusiki, eleberriak dira, eta Echenozek dioen bezala, eskrupulu biografikorik gabeak».

Hirugarren entrega honek badu berritasun bat, aurreko biekiko. Beste haietan, Ravel eta Zatopeken izenak aipatu egiten zituen Echenozek, oraingoan beste izen bat ipini dio protagonistari:Gregor.

Markuletak badu bere susmoa: «Nikola Teslak gauza asko asmatu zituen, baina ez zen kapaz izan bere ideia horien bidez dirua edo fama lortzeko. Argindarraren alorrean hark asmatutako gauza batzuk Thomas Edisonek eta Georges Westinghousek aprobetxatu zituzten gero, eta bai batak eta bai besteak bere oinordekoak izango dituztenez, idazleak horregatixe erabakiko zuen seguru asko Teslaren izena ez aipatzea».

Kontuan izan behar da Teslak irratia, x izpiak eta argi fluoreszentea asmatu zituela, besteak beste, eta ordenagailua eta internet aurreikusi zituela.

Echenozen idazkerari dagokionez, honela mintzatu zen Markuleta: «Estilo txundigarria dauka. Informazio guztia hor dago liburuan, baina ez ohiko tokian. Errepikapenak egiten ditu, harik eta nobela osoa poema bihurtu arte. Egitura poematikoa dauka. Nostalgiarik ez dago haren literaturan, eta psikologia gutxi, behintzat agerikoa».

Jaurlaritzari eskaria

Bestalde, Gerardo Markuletak itzultzaileen garran-tzia aldarrikatu zuen atzokoan. «Eskatzen diot Administrazioari, gastronomiaren alde egiten duenaren %0,7 egin dezala literaturaren alde –esan zuen–. Itzultzaileok lan izugarria egiten dugu soldata irrigarri batzuen truke. Besteak beste, interesgarria litzateke gure iragan politiko hurbilaz azken 20 urteotan euskal literaturak eman dituen emaitzak beste bi hizkuntzatara itzultzea gutxienez»

No hay comentarios:

Publicar un comentario