viernes, 13 de abril de 2012

Hijos de Juan de Garay enpresak lau langile kaleratu ditu



2012-04-13 14:37:03 Irati Goitia

Langileen batzordetik adierazi dute bidegabeko kaleratzeak izan direla eta arazoa konpontzeko borrokatuko dutela. Batzordeko ordezkariek elkarretaratzak egin dituzte asteon eta datozenetan geldialdiak egingo dituzte langileek.
Mikel Olea langileen batzordeko presidenteak azaldu digu zein den egoera: "Esan ziguten enpresara lanera sartu ziren azken lauak kaleratuak izan behar zirela. Langile horiek dagoeneko bi urte eta erdi daramatzate enpresan eta legearen aurrean finkoak dira. Beraz, bidegabeko kaleratzeak dira. Horrelaxe onartu du enpresak ere, baina kalte-ordainak eman eta kalera".



Oleak gaineratu du beste hamaika langile egoera berdinean daudela eta horiek ere kaleratuak izango diren susmoa dutela eta enpresatik ere adierazi dietela izan daitezkeela kaleratze gehiago.



Lan erreformaren ondorioa



Batzordetik argi dute lan erreforma berriaren ondorio zuzena izan dela gertatutakoa. "Arazoa ez da lanik ez dagoela, lana badago, baina langile kopurua arindu nahi dute eta erreforma hau oso ondo etorri zaie" azaldu digu Oleak.



Arazoa konpondu ezean, greba



Enpresako langileen batzordeak ordu erdiko elkarretaratzeak egin ditu asteon enpresaren aurrealdean. Oleak aurreratu du hurrengo martitzenetik hilaren 27ra bitarte enpresako langile guztiek egingo dutela 30 minutuko geldialdia txanda guztietan. Arazoa konpondu ezean, greba egiteko asmoa ere badutela esan digu.



Goiena saiatu da enpresako arduradunekin harremanetan jartzen, euren ikuspuntua jasotzeko, baina ez da posible izan.

No hay comentarios:

Publicar un comentario