miércoles, 6 de junio de 2012

Jose Mari Igartua

"Olate erostearen aldeko apustua ona izan zela herriarendako ikusi da denbora pasa denean"


2012-06-06 00:00:00 Maider Arregi

Jose Mari Igartua ETEO, MU eta Ikastolaren hasierako proiektuen bultzatzailea da. Astean lau bat mendi buelta egiten ditu. Herriarendako lana egiteagatik sartu zen politikan.



Eli Galdosekin lan egin zenuen.
Jose Mari Igartua, Oñatiko Sancti Spiritus Unibertsitate aurrean.



Garai hartan Olate erosi genuen; ez zen garai ona, dirurik ez zegoelako eta zorpetu egin ginelako. Kritikak izan ziren, baina energia garbiaren aldeko apustua egin genuen, eta ikusi da ona dela herriarendako. Unibertsitatean soziologia juridikoko nazioarteko erakundea jartzea ere lortu genuen. Parisek eta Milanek nahi zuten, baina, azkenean, Oñatin jartzea lortu genuen. Oso garrantzitsua izan da; jende asko ekarri du.



Enplegu eta Industria batzordea sortu zenuten.



Bai; 25 urte pasa dira ordutik. Oñatin bete beharreko beharrak zeuden eta enpresekin batu ginen. Formazioan zentratu ginen eta jendea kualifikatzearen aldeko apustua egin genuen. Enpresa txikiak ere sortu ziren, Garbilan esaterako, eta egun, 40 langile daude. Informatika kurtsoak ere hasi genituen, jakinda ordenagailu gutxi zeudela orduan. Langabeak kontratatzeko ekimena ere jarri genuen. Gazteendako proiektua ere bageneukan eta 1991 bukaeran hasi genituen gaztelekuko obrak.



Egin gabe geratu zen ezer?



Badut orduko pena bat: Iturrigorritik Urbiara egin nahi genuen pistaren egitasmoak ez zuela aurrera egin. Udalak beti izan du kontzientzia ingurumenaz, eta orduan, Eskistako pista hondatu egin zen, eta, horri irtenbidea eman guran, Urbiara Iturrigorrirako pista egin nahi genuen hango bidea aprobetxatuz. Gero, Arabatik egin zen bidea. Pena da, zeren lehen artzainak Arantzazura etortzeko ohitura baitzuten eta orain Arabatik egiten dute buelta. Planteamendua mahai gainera atera ere ez genuen egin, eragozpenak zeuden-eta ingurumen arloan eta ekonomikoan.



16 urteren ostean, bueltan.



Diferentzia handia zegoen bigarren legealdian. Ordurako banekien Udaleko funtzionamendua zein zen, eta errendimendua handiagoa izan dela uste dut. Gaiak ere menderatzen nituen. Lourdes Idoiagak animatu ninduen eta animatu egin nintzen, nahiz eta dagoeneko erretiratuta nengoen. Azpimarratzekotan zer?



Herriko mantentze-lanen ardura izan dut. Segurtasunaren eta lehentasunaren arabera egiten genituen lehen lanak, dena ezin zelako egin aldi berean; azpi-kontratazioen arabera jokatzea erabaki genuen. Lantalde finkoa izatea betiko gastua da, eta, gainera, Udalak tresnak alokatu egin behar ditu. Azpi-kontratazioekin, behar denei erantzuna ematea posible zen, eta gastua murrizten genuen. Horregatik, denok kontu handiagoa izanez gero, eta kaleak zainduz, gastua murriztu dezakegu.



Elurraren protokoloa jarri zenuten azken legealdian.



Lehen urtean –2007-2008– elurra kentzeko makina bat kontratatu genuen; baina urte hartan ez zuen elurrik egin eta makina mantentzea asko kosta zen. Orduan, protokoloa jarri genuen. Auzoekin koordinatuz, elurra aldi berean botatzen du-eta toki guztietan. Gero, eskuzko makinatxoak ere erosi genituen. Baina bestelako lanak aipatu gurako nituzke. Oñati irisgarria eta iraunkorra izatearen alde egin dugu lan; hor dago Lanbus, esaterako, enpresekin koordinatu genuen egistasmoa. Garraio publikoaren eta bidegorrien alde ere egin dugu.



Eta penarik?



ANV ilegala izatea. Ez zegoen-eta arrazoirik. Zinegotzi barik geratu ziren. Guk, legez kanporatze horren ondorioz, tokatzen zitzaigun zinegotzia utzi egin genuen. Harremana ona zen alderdi guztiekin. Eta bestalde, bosgarren edukiontziarekin aurrera egin ez izanak ere pena ematen dit. Plangintza guztia eginda geneukan-eta. Biztanle Arreta Zerbitzua –BAZ– ere egiteko asmoa genuen, barne antolakuntza kudeatzeko eta denbora aurrezteko.



Zer eman dizu politikak?



Disgustutxo batzuk. Beti ezin da-eta denen gustua egin. Baina asko ikasi dut eta gauza guztiek dituzte, txanponen moduan, bi alde. Udalean arazoren bat badago, kontrastatzea gustatzen zait, nahiz eta deskonfiantzak eragin horrek askotan. Denak du beste alde bat eta alde hori entzutea gustatzen zait. Udalean lanean dagoenak kontziente izan behar du kritikak jasoko dituela. Baina benetan eskerrak eman nahi dizkiet herritarrei, emandako babesagatik eta borondatez egin duten lanagatik. Gauzak beste ikuspuntu batzuetatik ikustea eragin dit. Ondo arrazoitutako kritikak jasotzea ona izan da guretzako; ideia freskoak ekarri dizkigute. Etorkizunari begira, kudeaketa jasangarria egin gura izan dugu.

No hay comentarios:

Publicar un comentario