miércoles, 20 de febrero de 2013

Mariangeles Iñurritegi

Mariangeles Iñurritegi: "Gobernura ez ginen iritsi herriaren nahiarengatik; ondorioz, momentu oso latzak izan ziren haiek"


Mariangeles Iñurritegi, Arizmendiarrietaren eskultura aurrean, Eskolan.
Ots. 20, 2013, gauerdia Mirari Altube



Mariangeles Iñurritegik (Oñati, 1952), oñatiarra ohore handiz, Mondragon Unibertsitatean dihardu 1974-75a ezkero, Fagorren eta, besteak beste, Auzolagunen ibili ostean. Eskola Politeknikoan zuzendariaren idazkaria da. Baina 1995etik 2003ra, gainera, udal politikari izan zen.







Nola aldatzen diren gauzak… ala ez?



Bai, noski. 18 urteotan aldaketa ugari ikusi ditugu gizarteko hainbat eremutan. Adibidez, hezkuntzan, komunikabideetan… Ekonomia egonkor samar bat izatetik erabateko ziurgabetasun egoerara pasa gara, baita ukiezintzat genituen hainbat eremutan ere.



Zela ikusten da politikagintza apur bat urrutiagotik?



Oso kritikoa naizela aitortzen dut, batzuetan handiegia; Udalaren funtzionamendua ezagutzen dut eta gauzak asko hobe daitezkeela esan dezaket. Faltan igartzen dut alderdi politiko guztiek parte hartzea arrasatearren arazoei irtenbidea emateko, nahiz eta horiek txikiak izan.



Zinegotzi izan zinen garaiko bi politikari (Larrañaga eta Barriocanal) bueltatu egin dira politikagintzara. Zeu bueltatuko zinateke?



Ez, ez nator bat udaletako gestio sistemarekin, eta oso garrantzitsua da edozer gauza egiteko motibatuta egotea. Gainera, lekua gazteei utzi behar zaiela uste dut, haize berriak ekar ditzaten.



Oposizioan hasi zinen zinegotzi; 1997an, berriz, zentsura-mozioaren ondorioz, Gobernura pasa zinen. Zer nahiago?



Gobernuan egotea. Bizilagunen helburuak lortu ahal izateko aukera gehiago izango nituzkeelako.



1997an segituz, uztailean Xabier Zubizarreta (EH) zen alkate eta abuztuan, berriz, zentsura-mozioaren ondorioz, Jose Mari Loitik (EAJ) hartu zuen kargua. Sasoi latz samarrak izango ziren, ala?



Batetik, guretzat Gobernura heltzea garrantzitsua eta positiboa izan zen; baina, beste alde batetik, ondo esaten duzun moduan, mozio baten ondorioz iritsi ginen Gobernura, eta ez herriaren nahiarengatik; ondorioz, momentu oso latzak izan ziren.



Gobernuan Gizarte Zerbitzuetako zinegotzi izan zinen. Ze nabarmenduko zenuke arlo horretan?



Aipatu beharra daukat betidanik Arrasateko Udalak sentikortasun handia izan duela bai emakume arloan, baita gizarte ongizate arloan ere. Bailaran emakumearentzat ezarritako hainbat zerbitzutan aitzindaria izan da, zerbitzu horiek beste udalerri batzuetara ere eramanaz. Gure betebeharrak zerbitzu desberdinak bultzatzea eta egokitzea izan ziren, dena lege barruan, noski.



Auzo-alkate ere izan zinen, Gesalibarren. Politika egiteko beste modu bat da hori…



Bai, auzo-alkate izateak ez dauka zerikusirik zinegotzi izatearekin, auzoko arazoak oso hurbil sentitzen dituzulako.



Zela zegoen zure sasoian Gesalibar eta zela dago orain?



Gesalibar XX. mendean gelditu da. Hau da, hainbat gauza hobetu dira, baina oinarrizko gauza ugarik berdin jarraitzen dute: gas naturala, Interneterako eta telebistarako seinaleak, ur zikinen bideratzea, e.a. Gogoratu beharra dago, baita ere, auzoa bi "super-ospitalerekin" konpartitzen dugula: San Juan de Dios eta Aita Menni. Eta bi ospitale horiek esandako zerbitzu guztiak badituztela orain hamar urte. Gainera, kontuan hartu beharra dago auzotar guztiek ordaindu ditugula gure zergak, Arrasateko edozein bizilagunek bezala. Laburtuz, auzoan eta Arrasateko erdialdean ematen diren kontraprestazioak desberdinak direla argi dago.



Geratu zaizu penaren bat?



Beti geratzen zaizu zerbait gehiago egin zenezakeen sentsazioa, baina, orokorrean, nahiko pozik nago egindakoarekin.



Gomendatuko zenuke politikagintzan jardutea?



Esperientzia oso positiboa izan zen. Asko ikasten duzu, ikuspuntu desberdinak lantzen, kritikoago izaten norberarekin… Egoera hobetzeko gogoa daukan edozeini gomendatuko nioke udalerrian parte hartzea. Zentzu askotan oso aberasgarria da. Aholku bezala, erabaki bat hartzeko momentuan beti besteen aldean jartzeko ahalegina egitea eskatuko nuke.





No hay comentarios:

Publicar un comentario