miércoles, 27 de marzo de 2013

Iker Arkauz


 "Duatloietan korrikako sektoreak dira inportanteak, eta hori hobetu beharra daukat"

Mar. 26, 2013, 8 a.m. Mireia Bikuña
Iker Arkauz (Oñati, 1994) txikitatik ibili da bizikleta artean. Hasieran, ikusle moduan. Etxekoekin ziklismo probak ikustera joaten zen. Gero, bizikleta gainean. Ziklismoa eta ziklo-krosa egin ditu. Lesio baten ondorioz azken hori utzi, eta, egun, duatloietan dihardu. Lehen urtea du, baina emaitza oso onak lortu ditu. Besteak beste, gazte mailako Gipuzkoako txapeldunorde izan zen Eibarko duatloian, eta hirugarren, aste bukaeran, Euskadikoan, Ermuan.
Lehen urtea izanda ere, etxeko duatloian ezin zenuen hutsik egin. Zer moduz Oñatiko proban?

Sentsazio ezberdinak izan nituen. Korrikako lehen sektorean tripako minarekin hasi nintzen. Kilometro batzutan larri egon nintzen. Bizikletako tartean errekuperatu egin nintzen, eta azken sektorea gustura bukatu nuen. Oro har, lan ona egin nuela esango nuke. 2.10.54ko denbora egin nuen. Gazte mailako duatleta onena izan nintzen, eta pozik.
Tripako minarekin, ez zenuen proba uztea pentsatu?
Bai, burutik pasa zitzaidan. Baina, etxeko proba izanda, familia eta lagunak nituen animatzen, eta ezin nuen halakorik egin [Barre].
Lehenengo urtea duzu duatloietan eta dagoeneko Gipuzkoako txapeldunorde zara!
Bai, horixe dio Eibarko duatloian lortutako bigarren lekuak [Barre]. 
Dena den, aurtengo helburua, duatloi mundua ezagutzea da. Probak ezagutu, distantziak neurtu eta esperientzia hartu. 
Baina, orain arte lortutako emaitzak ikusita, gehiago eskatzen diozu zure buruari?
Orain arteko emaitzekin gustura nago, baina badakit, nik baino azkarrago korrika egiten duten duatletak daudela. Nire ustez korrika sektoreak oso inportanteak dira. Korrika ondo egiten baduzu, bizikletan ondo ibiliko zara. Korrikako sektorean galtzen den denbora bizikletan berreskuratzea oso zaila izaten da.
Eta zu, zer moduz moldatzen zara korrika?
Hobetu beharra daukat [Barre]. Duatloietan korrika sektoreak dira kakoak eta arlo hori asko landu beharko dut oraindik.
Iker Arkauz, bizikletarekin, martitzeneko entrenamendua hasi aurretik.
Duatloietan hasteko Oñati Triatloi Taldean sartu zinen. Zure kontura entrenatzen duzu?
Ez. Migel Angel Igartuak antolatzen dizkit entrenamenduak. Korrika eta bizikleta saioak egiten ditut. Astean, egun bat hartzen dut atseden. Gainerako guztietan entrenamendua izaten dut.
Oraingoz sei duatloi egin dituzu. Zenbat egingo dituzu aurten?
Lehenengo urtea izanda, duatloiak probatzen nabil. Guztiak dira ezberdinak. Distantzian, eta korrika eta bizikleta gainean egin behar diren sektoreetan. Denboraldia bukatzeko geratzen diren gehienetan parte hartuko dut. Hurrengo urtean, gustukoenak aukeratuko ditut.
Bestalde, aste bukaera batzuetan bi duatloi egoten dira: zapatuan eta domekan. Bakarra egingo dut. Behin egin nituen distantzia motzeko bi duatloi jarraian, eta nekatuta bukatu nuen.
Euskadiko duatloiak zirkuiturako puntuagarriak dira. Orain arte lortutako emaitzengatik bigarren lekua zaude sailkapenean.
Oraingoz bai. Duatloietan batutako puntuekin sailkapen orokorra egiten da. Dena den, Nafarroako duatloi baten parte hartu beharra daukat puntuak gordetzeko. Aste bukaeran egon naiz Nafarroako baten.
Noiz hasi zinen bizikletarekin?
Benjamin mailan. Bizikleta gainean hasi aurretik, gurasoekin proba dezente ikustera joaten nintzen. Hasieran, baina, bi kirol egin nituen batera: ziklismoa eta atletismoa. Biak nituen gustuko, baina azkenean bizikleta aukeratu nuen. Aloña Mendiko taldetan ibili nintzen. Maila guztietan.
Errepidetik ziklo-krosera egin zenuen salto?
Ziklo-krosa gustuko nuen. Mariano Altube eta Ander Altubek parte hartu izan duten proba askotan egon izan naiz aitarekin. Altubetarrak euren kontura ibiltzen ziren probatan, eta lehen urtean, ni neu ere, nire kontura ibili nintzen. 
Aita nirekin etortzen zen probatara. Babesle bila hasi eta Oñati Arrikrutz taldea osatu zen. 2011n aurkeztu zuten taldea eta ordu hartan bost txirrindulari geunden: Maider Usandizaga, Aitor Umerez, Xabier Aiastui, Iker Alberdi eta ni.
Oso ezberdinak dira ziklismoa eta ziklo-krosa?
Bai, oso ezberdinak. Txirrindularitzako probak luzeak izaten dira. Adin tartearen arabera, luzera ezberdineko probak dira. Ziklo-krosa leherkorragoa da: ordubetean, barruan daukazun guztia eman behar duzu. Ibilbideak ere oso bestelakoak dira: errepidean euria edo haizea egin dezake; baina, ziklo-kroseko ibilbideetan, lokatza, putzuak eta beste hainbat ustekabe egon daitezke. 
Ziklo-krosa utzi eta duatloiak egiten hasi zinen. Hirugarren aldaketa. Zergatik?
Bi urte egin nituen ziklo-krosean. Adinagatik, amateur mailarako saltoa egin behar nuen errepidean. Kategoria horrek beste maila bateko exijentzia eskatzen du: ordu asko, sakrifizio handia... Gainera, bizikletaz gain beste kirol batzuk ere gustuko ditut: igeriketa, korrika egitea, mendian ibiltzea... Ez nuke guztiak egiteko denbora izango. Bestalde, iazko denboraldi bukaeran, erorikoa izan nuen eta min hartu nuen belaunean. Ziklo-krosean asko sufritzen dute belaunek. 
Igeriketa gustuko duzu. Triatloietarako jauzia egingo duzu?
Triatloiak probatu gura ditut, eta aurten egingo dut. Baina, igeriketa gustuko izan arren, ez nabil oso fin. Igerilekuan hobetu egin beharko dut. Probaren arabera, igeriketako sektoreak asko aldatzen dira.

No hay comentarios:

Publicar un comentario