sábado, 20 de abril de 2013

Super Ordorika

Euskal poparen super-heroia jaio da


Api. 20, 2013, gauerdia Jon Berezibar

Euskal pop ikonografiako super-heroia da Ruper. Halaxe ikusten du Joseba Beramendi Exprai marrazkigileak eta urtarril aldean erdi txantxetan hasitakoak "zabalkunde harrigarria" izan duela dio.




Joseba Beramendi, Super Ordorika-ren elastikoarekin, Iruñean

Ezin bestela izan, Oñatitik etorri zaizkio eskari piloa, "koadrilaka" eskatu ei dituzte, antza, eta Iruñeko artista pozarren dago. Udaberri estreinatu berrian, beraz, armairuan falta ezin den jantzia da sasoi honetarako, itxura guztien arabera.



Euskal 'frikien' bazka

Euskaldunak frikiak garela dio Beramendik. Nahitaez, hala ere. Horrela ikusten du hark, behintzat, Iruñean, "euskaldunen artean kode eta konplizitateak" partekatzen baitituzte. Beraz, "frikiak ez xelebre zentzuan, zirkulu zehatz bateko kide bezala" baizik. Super Ordorika-ren kasuan, gainera, mirespenetik dauka txantxatik baino gehiago kontuak. Super Ordorika-rena koadrilan duten txistea omen da, baina maitasunetik egina. Super Ordorika eta Ruper Man izenarekin birbataiatuta daukate oñatiarra eta hasieran ez ei zekien zein erabili kamisetarako.



Erreferente kulturalak

Kantariaren zale sutsuak ei dira Exprai-ren lagun taldean. "Oso poliedrikoa da Ruper", dio sortzaileak, "alde erakargarri asko ditu: irudia, musikalki, hizkuntza erabili eta hitz egiteko era..."; horrek guztiak bilakatu du erreferente. Noski, saiatu da Ordorikari berari kamiseta bidaltzen, "ilusio handia" egingo bailioke kantariari soinean bere sorkuntza ikusteak. "Neurria galdetzea, baina, larregikoa" iruditzen zaiola dio, barre artean. Zabalkundea, behintzat, lortu du.



Hain zuzen, erreferente kulturaltzat ere jotzen du Beramendik Ordorika, elastikoak kamisetak izandako harrerak erakutsi dioenez, ze jendeak "nola eskertu" duen ikusita harrituta baitago, promoziorik ez baitu egin. Ezustean harrapatu du guztiak. Kultura guztiek bezala, literaturan, zineman eta musikan ikurrak asko dira eta "pena da", dio, "kalean hainbeste ikusten diren kamiseten erreferente gehienak erdal jatorrikoak izatea".



Hura ere txikitatik dituen Star Wars eta gisakoekin hasi zen sormen jolasean, baina berehala ikusi zuen euskal ikonografia hori garatzeko aukera handiak daudela, hala ere. Latostadora.com/martinjulian gunean aurki daitezke Ruperrena eta diseinu gehiago: Benito Lertxundi, Frida Kahlo, Xalbador, Arturo Kanpion eta Darth Vader-en irudiekin ilustratutako kamisetak.



Modu ondo argigarrian, Basque is freak du lelotzat orriak eta, hain justu, euskal frikikeria horretan sakondu gura du Beramendik. Euskal rock musikariekin eta literaturarekin serieak ere egiten pentsatzen dabil. Tarte nahikoa ikusten du Beramendik "euskal kutsua" duten halakoak egiteko.



No hay comentarios:

Publicar un comentario