martes, 16 de julio de 2013

Ana Isabel Perez Machio

"Genero Indarkeriaren Legea guztiz martxan ipintzeko baliabide ekonomikoak falta dira"

Uzt. 16, 2013, gauerdia Leire Kortabarria
Genero indarkeriaren inguruko nazioarteko kongresua egin dute Oñatiko Lege Soziologiako Nazioarteko Erakundean, uztailaren 10etik 12ra. Kriminologiaren Euskal Institutuko Ana Isabel Perez Machio horko batzorde zientifikoko kideetako bat izan da. Genero Indarkeriaren aurkako Lege Integrala tresna ona, baina "ez nahikoa" da, bere iritziz.
Ze helbururekin egin duzue honako kongresua?
Nahiz eta genero indarkeriaren inguruko lege bat egin zen orain bederatzi urte, eta nahiz eta iruditu antzinako gauza bat dela, eguneko albisteei jarraituz ikusten dugu aztertu egin behar dela oraindik genero indarkeria. Gainera, praktikak esaten digu legea eta zuzenbide penala ez direla nahikoa fenomeno horri aurre egiteko eta bestelako tresnak erabili beharko direla etorkizunean. 
Genero indarkeria gaurkotasuneko gaia da eta, nire ustez, ikuspegi desberdinak batzea da kongresuak aportatzen duena. Diziplina askotariko kongresua da, eta horretan dago bere helburu edo erronka nagusia. Berrehun lagun baino gehiago etorri dira: juristak, baina baita psikologoak, soziologoak eta gizarte langileak ere. Izaera askotako profesionalak eta pertsonak daude gai horretan interesatuta estatuan eta nazioartean.
Prebenitu daiteke genero indarkeria, aurrea hartu diezaiokegu?
Prebentzioa bermatzea oso garrantzitsua da, eta bi ikuspegitik egin daiteke: batetik, horrelako fenomeno bat izan eta gero, biktimarekin eta egilearekin tratamendu bat jarraitu behar dugu; biktimarekin, berriz biktima ez izateko, eta egilearekin, horrelako portaerak berriz ez egiteko. 
Bigarren mailako prebentzioa da hori. Eta badago lehen mailakoa deitzen dena. Emakundeko zuzendariak kongresu hasieran esan du Euskadin martxan dagoela Nahiko izeneko programa bat, eskoletan berdintasunezko balioak lantzeko. Azken baten, desberdintasunaren adierazpen larriena da indarkeria, eta txikitatik landu behar dugu berdintasuna ume horiekin.
Bere momentuan, asko txalotu zen Genero Indarkeriaren Aurkako Lege Integrala. Nola baloratzen duzu orain, 9 urte eta gero?
Une hartan beharrezkoa zen tresna bat izan zen; gaur egun ere beharrezkoa da, izan ere, ez zegoen genero indarkeria ikuspegi orokor batetik lantzen zuen tresna juridikorik. Beraz, bai, txalotu egin behar da. Baina tresna hori guztiz martxan jartzeko, ahalegin ekonomikoak egin behar dira, eta hor dago akatsa, nire iritziz. Oso ondo egituratuta dago legea, ikuspegi objektibo eta formal batetik askotariko elementuak ditu prebentziorako, babesteko, tratu txarrak eman dituztenekin lan egiteko… baina akatsa da baliabide ekonomiko gutxi daudela mahai gainean. Gaur egungo krisiak beharbada eragina izango du. 
Ana Isabel Perez, Oñatiko Unibertsitatean.
Azpimarratu nahi dut legea ez dela nahikoa; beharrezkoa, bai, baina ez nahikoa. Bestelako pausoak eman behar dira, eta bidean gaude, nire ustez. Ez dakit zenbat belaunaldi beharko dugun genero indarkeriari buruz ez hitz egiteko. Zoritxarrez, gaur [eguazten] goizean Granadan beste emakume bat hil dutela jakin dugu. Horrek esan nahi du legeak berak ez duela hasieran uste zuten emaitzarik lortzen. 
Asko azpimarratu izan da emakumeak laguntza eskatu behar duela eta salatu egin behar duela, baina askotan ez da hori gertatzen.
Zaila delako. Ulertu egin behar dugu nolakoa den fenomeno hori. Genero indarkeriaren atzetik mendekotasun emozionala dago, eta horrek sekulako eragina dauka emakumearengan. Guk ezin diogu eskatu horrelako biktima bati salatu dezala, kontuan harturik bere irudimena: uste du ez du ezertarako balio eta bere bikotekide barik ez dela ezer izango. 
Gero, salaketa jarritakoan, automatikoki sistema martxan jartzen da eta hori geldiaraztea ezinezkoa da, nahiz eta gertatutakoa larria ez izan. Erreformak beharrezkoak izan beharko lirateke, nire iritziz; izan ere, ondo zehaztu behar da zer portaera barneratzen diren genero indarkeriaren kontzeptuaren barruan. Askotan, gizon eta emakume batzuen artean dauden portaera guztiak horrelako kontzeptu larri baten barneratzen ditugunean, beharbada, ondorioak ez dira hasieran nahi izan genituzkeenak izango.
Horrela izanda, emakumearen ingurukoek edo gertuko erakundeek egin dezakete zer edo zer?
Historikoki entzun dut genero indarkeritik irteera nagusia heziketa eta kultura dela. Nire ustez, hala da. Noski, daukagun bestelako tresna hori, legea, prebentzioa, babesa… bai, elementu horiek beharrezkoak dira. Baina genero indarkeriaren arrazoi nagusia, edo ondoen esplikatzen duena, hori da: etxean jasotako heziketa eta daukagun kultura. Hori bideratuko bagenu, eta askori irudituko ez balitzaie zenbait porteara normalak direla, askoz gehiago aurreratuko genuke. 
Familiakoek eta ingurukoek daukaten rola oso garrantzitsua da, emakumeari laguntzeko eta emakumea konturarazteko. Arazoa da horrelako egoera baten gaudenean oso zaila egiten zaigula hori genero indarkeriaren adierazpen bat den edo ez bereiztea, eta kanpokoek errazago ikus dezakete bikote horretan gertatzen dena.
Indarkeria mota hori heziketa eta kultura arazoa baldin bada, gazteen artean egoera hobexeagoa da?
Zoritxarrez, ez. Emakundeko zuzendariak aipatu du gazteen artean genero indarkeria portaerak daudela; ez gero eta gehiago, baina badaude, eta kontuan hartu behar dugun datua da. Iruditzen zaigu gaurko gizartean, daukagun askatasunarekin, informazioarekin… horrelako adierazpenak gutxitu egin beharko liratekeela, baina praktikak alderantziz esaten digu. Zerbait dago gaizki hor, zerbait bideratu behar dugu hor.
Genero indarkeria zeinek egiten duen eta zeinek jasaten duen inguruko estereotipoak badaude oraindik?
Gero eta gutxiago. Baina, askotan, gizarteak ezin du ulertu epailea, medikua edo unibertsitate irakaslea den emakume bat nola izan daitekeen biktima. Biktimen egoera marginazio egoerekin, edo heziketa ez duten emakumeekin lotzen dugu, baina esperientziak esaten digu gizarteko maila guztietan gertatzen dela genero indarkeria.
Edozelan ere, egia da emakume etorkinek bereziki jasaten dutela emakumea izateagatik ematen den biolentzia?
Bai, noski. Eta hor, bi arazo ditugu: batetik, genero indarkeria bera, eta bestetik, haiek ekartzen duten zama kulturala, eta horri, askotan, irregulartasuna gehitzen badiogu, horrek denak duen eragina oso handia da. Oso kasu gutxiren berri dugu emakume etorkinen artean, eta arazoa dago hor, salatzerakoan mahai gainean jartzen dutelako irregulartasuna, eta horrek beste ondorio batzuk izan ditzakeelako: adibidez, zuzenbide administratiboak kanporatzea.
Hezkuntza edo kultura hori garatzeko ze tresna egon daitezke?
Nik garbi daukat: eskolatik, etxetik hasi beharko ginateke, berdintasunezko balioak lantzea eguneroko gauza bat izan behar delako, eta guraso direnek zeregin handia daukate hor. Eskoletan badaude programak, baina etorkizunean, beharbada ez genero indarkeria desagertzeko, baina bai oso kasu gutxi egoteko tresna nagusia hantxe dago. 

No hay comentarios:

Publicar un comentario