lunes, 15 de julio de 2013

Espainiako beteranoen atletismo txapelketa.

2013-07-15 13:57:30
ZILARREZKO BI ETA BRONTZEKO DOMINA BAT LORTU ZIREN

3 domina Espainiako beteranoen atletismo txapelketan
Asteburuan amaitu da estatu mailako beteranoen atletismo denboraldia. Gasteizen jokatu den Espainiako txapelketak amaiera eman dio irailean hasi zen denboraldiari. Aloña Mendiko atletek oso txapelketa ona burutu zuten eta zilarrezko bi domina eta brontzezko domina bat lortuta agurtu dute denboraldia. Orain merezitako atsedena hartuko dute iraila iritsi bitartean.

Kirol arloari begira jarrita, urteko azken txapelketak oso emaitza onak utzi ditu gure herriko taldearentzat. Guztira hiru domina lortu dira, inoiz baino partehartze handiagoa -1700 partehartzaile- izan duen Espainiako txapelketan.

1500 m-ko lasterketan iritsi zen lehen domina. Tasio Gómez korrikalariak zilarrezko domina lortu zuen lasterketa oso taktiko batean. Hasiera batean Gómez bera zen lasterketa irabazteko faboritoetako bat eta horren jakitun, gainontzeko korrikalari guztiak bera erasotzen aritu ziren lasterketa osoan zehar. Hala ere, burua hotz mantendu eta meritu handiko bigarren postua lortu zuen.

Bigarren domina taldeka lortu zen. 4x400 erreleboan bigarren talderik onena osatu zuten gure atleta beteranoek. Taldea Javier Gómez, Tasio Gómez, David Huebra y Luis Hernández-ek osatu zuten eta hemen ere goraipatzeko marka da, izan ere, taldea ez dago ohituta horrelako lasterketetan parte hartzea.

Amaitzeko hirugarren domina Juan carlos Ugarteren eskutik iritsi zen. 5 km martxako lasterketan brontzezko domina lortu zuen eta emaitza honekin, modalidade honetan osatu duen lehen denboraldiari amaiera bikaina jarri dio Ugartek.

Bestelakoan esan, Ramon Varelak laugarren postua lortu zuela 5000 metrokoan eta Jose Luis Garcia zazpigarren izan zen 1500 metroko lasterketan. Orain atsedena hartuko dute guztiek, ondo merezitako atsedena. Izan ere, aurtengoan gure atleta beteranoek 112 domina lortu dituzte han hemenka jokatu diren lasterketa ezberdinetan. Marka izela benetan!

No hay comentarios:

Publicar un comentario