sábado, 17 de agosto de 2013

Soko Romano

"Itsasoarekin, ontzigintzarekin… harreman estua du Oñatik; eragin handiko herria izan da"

Abu. 16, 2013, gauerdia Leire Kortabarria
Donostiako Untzi Museoko zuzendaria da Soko Romano. Donostian jaio zen arren, segituan Oñatira joan zen familia bizi izatera, eta Soko hantxe bizi izan zen 18 urtean. Abuztuan ere zabalik izango da Untzi Museoa, eta oñatiarrak eta debagoiendarrak hara joatera gonbidatzen ditu.
Oso gazte alde egin zenuen Oñatitik…?
Lehenengo Valladolidera eta gero Granadara joan nintzen, Artearen Historia ikastera. Museologia ikasgaia genuen, eta horrek mundu berri bat erakutsi zitzaidan; gero, bide horretatik jarraitu nuen.
Eta gero, aukera polit bat izan zenuen…
Ikasketak bukatu nituenean, Foru Aldundiari beka bat eskatu eta Frantziara ekomuseo bat ezagutzera joan nintzen. Orain 30 urte, ekomuseoak oso interesgarriak eta oso berriak ziren, eta horrelako proiektu bat ezagutu gura nuen nik. Hiru hilabete eman nituen Frantziako 100 biztanleko herritxo baten. Han konturatu nintzen gauza bat teoria dela eta beste bat errealitatea. Asko ikasi nuen.
Gero, beste urte bete Parisen izan nintzen, Arte eta Tradizio Popularren museoan. Museo klasiko bat zen, 100 langilerekin; oso museo handi eta inportantea. Han konturatu nintzen ondarea zer den, ondarea babestea, ikerketa… Gero, Mundu Arabiarraren Museora joan nintzen, inauguratu berria eta oso arkitektura berritzailearekin. Han ere asko ikasi nuen.
Nola izan zenuen Gipuzkoara etortzeko aukera?

Itsasoarekin lotutako museoa antolatu nahi zuen Foru Aldundiak eta nirekin akordatu ziren. Oraindik bekarekin nengoen Frantzian. Esan zidaten etortzeko eta ikasi nuena hemen praktikara eroateko. Horrela ailegatu nintzen Donostiara, eta Jose Mari Unsain historialariarekin lanean jarri nintzen; gaur egun ere elkarrekin zuzentzen dugu Untzi Museoa. Taldea egin zen museoa sortzeko eta muntatzeko, orain dela 23 urte. Lehenengo hiru urteetan museoa antolatzen ibili ginen; eraikina bageneukan, baina hutsik zegoen eta edukiz bete behar zen. 
Untzi Museoa lantalde oso bat gara, ez neu bakarrik. Diputazioarena da, eta gu enpresa txiki bat gara; beti lehiaketa publiko bidez zuzendu dugu.
Zer dira zuretako museoak?
Niri museoak asko gustatzen zaizkit, asko. Herri edo hiri batera joaten naizenean, museoak ikustera joaten naiz. Museo batek asko esaten edo esplikatzen du herri bati buruz: ze museo mota dauden eta zeintzuk ez dauden, ze erakusketa egiten diren, nola zaintzen dituzten museoak… Asko esplikatzen du herri bati buruz museo batek. Denetarikoak gustatzen zaizkit: Metropolitan, Louvre… baina xumeak ere bai: auzo baten dagoena, herrikoia, herri edo auzo horretako jendeak egindako eta babestutako museoak. Izan ere, dirua behar da museoa egiteko, baina gogoa ere bai. Ni hunkitu egiten naiz museo xume baina ondo egindakoekin. Eta asko ikasten dut, izan ere, horrelako gauzak ikusten ditudanean, museoak zergatik gustatzen zaizkidan gogora ekartzen didate.  Niretako, museoak pasio bat dira.
Udan ere zabalik izango duzue erakusketa interesgarri bat Untzi Museoan…
Bai; 1813. Donostiaren setioa, sutea eta berreraikitzea delako erakusketa daukagu. Oso proiektu handia da eta bi zatitan dago: bat San Telmon eta beste bat Untzi Museoan. Erakusketa hori Pedro G. Romeroren proiektu bat da, bere ikuspuntutik egindakoa. Berak egiten duen erreflexio bat da: biolentziari buruzko erreflexioa, nola ikusten duen berak ze gertatu zen Donostian 1813. urtean. Eta berari gustatzen zaio pieza historikoak gaurko piezekin, Arte Ederretako bideoekin, erretratuekin, argazkiekin… bata bestaren aldamenean jartzea. Ez da erakusketa historiko bat. Erakusketa jendeari pentsarazteko da, ez da bakarrik ikusteko; bakoitzak pentsatu dezan ze gertatu zen Donostian, eta biolentziaren inguruan ze gertatu zen eta ze gerta daitekeen.
Erakusketa San Telmon hasten da eta Untzi Museoan bukatzen da, eta gure eraikina oso aproposa da erakusketa hau jartzeko, izan ere, gure eraikina frantsesek eta gero ingelesek erasotu zuten, baina museoaren eraikina zutik geratu zen eta gu ere oso harro sentitzen gara horretaz. Eta parte hartzen gabiltza, ez bakarrik erakusketa hori hartzen. Adibidez, abuztuaren 31n, Donostiako Alde Zaharreko elizek kanpaiak joko dituzte, eta guk ere oso kanpai zahar bat daukagu eta horixe joko dugu. 
Bisita gidatuak ematen dituzue, ezta? 
Bai; izan ere, oso erakusketa bereziak dira, oso kontzeptualak. Orduan, bisita gidatuak ematen ditugu, ze ikus daitekeen esplikatzeko. Eta Donostia inguruan ibilbidea ere ematen dugu, Alde Zaharretik buelta emanda. Oso ibilbide polita eta interesgarria da.  
Krisia igartzen zabiltzate Untzi Museoan?
Bai, gu ere ukitu gaitu krisiak. Aurrekontu aldetik murrizketak izan ditugu eta hor ari gara, poliki-poliki, buruari bueltak ematen, erakusketen edo proiektuen epeak luzatzen, elkarlanak egiten… Gizartearen zatia da Untzi Museoa eta, gizartea krisian badago, museoa ere bai. 
Gainera, jendeari ez zaio gauzak ordaintzea gustatzen. Gure prezioa 1,20 euro da; eguenetan eta langabeendako, doakoa da sarrera. Igartzen gabiltza, baina nik beldurra neukan jaitsiera oso handia izango zela, eta ez da hala izan; hortxe-hortxe, iazko zifretan gaude. Beraz, gu oso pozik gaude.
Urte asko dira Oñatitik joan zinenetik. Zer da Oñati zuretako?
Asko da. Umezaroko oroitzapenak, eskolakoak… Udan Usakora joaten nintzen, eta gogoan dut zelako hotzak ziren ur haiek! Aitak lehenengo Zahorren okindegian egiten zuen lan, gero pilatan, eta ni bere bila joaten nintzen txikia nintzenean. Gero, gaztetako Guria tabernako lagunak ere gogoan ditut…Bai, bai, oso urte bereziak izan ziren niretako Oñatin bizi izan nintzenekoak. Eta ama oraindik Oñatin bizi da eta ni Oñatira joaten naiz ama bisitatzera. Beraz, Oñati oso inportantea da niretako. Eta joaten naizen edozein lekutan, ez dakit nola, baina oñatiar bat topatzen dut beti! Askotan, haiek ezagutzen naute ni lehenengo. 
Zergatik gomendatzen diezu oñatiarrei Untzi Museoa bisitatzeko?
Oñatik eta itsasoak harreman handia dutelako. Hor daude Oñatiko artxiboak; balearekin, ontzigintzarekin, merkataritzarekin…lotutako dokumentu asko eta asko daude han, eta gai horiekin, Kanadarekin, Islandiarekin…harreman handia du Oñatik. Selma Huxley ikertzailea orain dela gutxi omendu dute eta hark 20 urte eman zituen Oñatiko artxiboak ikertzen. Herri txikia da Oñati, baina eragin handia izan duena

No hay comentarios:

Publicar un comentario