domingo, 1 de septiembre de 2013

JORGE OTEIZA


Abuztuaren 30ean Jorge Oteiza: marrazkiak, estanpak eta hitzak erakusketa zabalduko dute Oñatiko Arantzazu auzoko Gandiaga Topagunean.


2013/08/28
Abuztuaren 29an prentsaurrekoa egingo da Miramar jauregian (Donostia) goizeko 11:00tan.
  Datorren ostiralean, abuztuak 30, JORGE OTEIZA: MARRAZKIAK, ESTANPAK ETA HITZAK erakusketa zabalduko dute GANDIAGA TOPAGUNEAN. Erakusketa Oñatiko Udalak eta Arantzazu Gaur Fundazioak antolatu dute EHUko Donostiako Uda Ikastaroen laguntzarekin. Felix Maraña da erakusketaren arduraduna eta irailaren 29ra arte izango da zabalik.
  Erakusketa hau 2000ko udaberrian egin zen lehen aldiz, artean Jorge Oteiza bizirik zela. Orain, Oteiza hil zela hamar urte bete direnean, programa kultural honen antolatzaileek eta sortzaileek artistaren figura eta proiekzioa gogorarazi nahi digute. Izan ere, hamar urte bete dira Altzuzako Oteiza Museoa inauguratu zela,  eta mende erdi Quousque tandem…! (Auñamendi, 1963) liburua argitaratu zela, Donostian.
  Erakusketan, besteak beste, Orioko eskultorearen 60 marrazki eta grafia izango dira ikusgai, baita tamaina txikiko dozena bat eskultura eta beste hainbat testu original.  Felix Marañak sortu du Oteiza: marrazkiak estanpak eta hitzak erakusketa, artistari buruzko lan askoren egile eta editorea da bera. Erakusketa guztia poesiari egindako laudorio bat da, hain zuzen ere lengoaia horrek laburbiltzen eta burutzen du artistaren lan osoa.
  Erakusketa honetan, lehen aldiz, ikusgai izango dira Jorge Oteiza artista eta poetaren argitaratu gabeko marrazki ezezagunak, gehienak 1985-2000 urte bitartean sortuak. Oteizak, bere bizi osoan zehar, zirriborro, bozeto eta marrazki ugari egin zituen, eta marrazki horiek osatzen dute artistaren oinarrizko arotzeria edozein sorkuntza prozesutan.
  Erakusketarekin batera egunkari bat argitaratu dute. Bertan, hainbat marrazki eta testu –euskaraz eta gaztelaniaz– argitaratu dituzte, eta ikusgai dauden obren sormen prozesua deskribatzen zaigu. Erakusketa,  Arantzazun egon ondoren, Burgosera eta New Yorkera eramango dute hurrengo hilabeteetan.
  Oteiza hil zela hamar urte beteko diren honetan, bere lana erakusteko erakusketa bat egingo da eta Jorge Oteizak Arantzazurekin izan duen lotura kontuan izanik, erakusketa Gandiaga topagunearekin elkarlanean egitea erabaki da.
  JORGE OTEIZA: MARRAZKIAK, ESTANPAK ETA HITZAK erakusketa GANDIAGA TOPAGUNEAn egingo da, Arantzazun (Oñati), Oñatiko Udalaren eta Arantzazu Gaur Fundazioaren babespean.
Abuztuaren 30etik irailaren 29ra. Sarrera doan.

No hay comentarios:

Publicar un comentario