domingo, 13 de octubre de 2013

Arrikrutz Aloña Ziklokros taldea


OK Magazinea

Txirrindularitza
2013-10-13 19:37:34
ZAZPI TXIRRINDULARI IZANGO DITU AURTEN TALDEAK
Aurkeztu du Arrikrutz Aloña Ziklokros taldeak, aurtengo denboraldia
Atzo goizean aurkeztu zuen Arrikrutz Aloña Mendi ziklokros taldeak aurtengo denboraldirako izango dituen txirrindulari eta egitasmo guztiak. Osoko bilkuren aretoan egindako aurkezpenean, txirrindularitzaren inguruko hainbat herritar batu ziren ikasturte berriko nobedadeak ezagutu ahal izateko. Kadete eta Junior mailako 7 txirrindularik osatuko dute aurtengo denboraldia.

Hirugarren urtez jarraian, Aloña Mendik ziklokros taldea izango du eta alde horretatik oso pozik agertu ziren ordezkariak aurkezpen ekitaldian: "Hasieran bi urteko kontratua sinatu genuen Arrikrutz eta Udalarekin, baina bi aldeak gustora gaudenez, kontratua luzatzea erabaki dugu". Denboraldia, Medina de Pomarren (Burgos) hasiko du taldeak datorren larunbatean, urriak 19. Hortik aurrera Euskal zirkuitoko probetan lehiatuko dira txirrindulariak.

Bi talde, zazpi txirrindulari

Kadete eta Jubenil mailako txirrindulariek osatuko dute aurtengo plantilla. Guztira zazpi kide izango dira: Beñat Ormaetxea, Ander Gartzia, Xabi Murgiondo eta Ekaitz Txintxurreta kadete mailan eta Iker Alberdi, Julen Umerez eta Xabi Aiastui jubeniletan. Aipamena merezi duen datu bat ere eman zuten Aloñako ordezkariek:"Kadete mailako kideak dituen Euskal Herriko talde bakarra izango gara; beste herrietan euren kasa lehiatzen dira maila horretako gaztetxoak"

Txirrindulari horiekin batera, Ruper Arkauz, Josu Alberdi, Iker Arkauz eta Julen Arkauz arituko dira zuzendari lanetan eta teknikari lanak, Mikel Untzurruntzagak egingo ditu. Helburuei dagokienez ere, mintzatu ziren aurkezpenean: "Helburua txirrindulariek modalitate berezi honetaz gozatzea izango da eta lana ondo egiten bada, ziur emaitza politak lortu ahal izango direla. Baina garbi daukagu, emaitzen aurretik, formakuntzari garrantzia gehiago eman nahi diogula".

Oñatin, abenduaren 22an

Larunbatean hasi eta urtarrilaren 26ra luzatuko da aurtengo denboraldia eta tartean, hirugarren urtez jarraian, Oñatin egingo den proba nabarmendu zuten. Abenduaren 22an izango da herriko ziklokros proba San Martineko zuhaiztiaren inguruan eta aurten gainera, Gipuzkoako txapelketa izango da.

Aurtengo denboraldiko talde osoa aurkezpenean

No hay comentarios:

Publicar un comentario