lunes, 18 de noviembre de 2013

Institutua

Oñatiarren eta gipuzkoarren institutua

Aza. 18, 2013, 11:54 a.m. Leire Kortabarria

Orain 25 urteko beste urteurren borobil hartan ere jakinarazi zuten, baina askok ez dakite: Oñatiko institutua, gerora Rodrigo Mercado Zuazola institutua, geroago Zuazola-Larraña BHI, Gipuzkoa probintziako lehenengo batxilergo institutua izan zen. 

1963tik 1980ra institutua Sancti Spiritus Unibertsitatean zegoen: klaustroan, giza-xake irudikapena

1963ko azaroaren 10ean inauguratu zen eta orduan bakarrik Donostian zegoen halako irakaskuntza-zentro bat, Peñaflorida Institutua. Oñatikoa haren filiala izan zen. Garai hartan Espainiako Hezkuntza Ministerioaren mende zegoen eta Instituto Nacional de Enseñanza Media de Oñate zen.
Gaur egun bitxia badirudi ere Gipuzkoako probintziako lehenengo institutu modernoa Oñatin egoteak, tradizio hori bazegoela azaltzen du Jerardo Elortza historialariak: "Oñatin, hiru edo lau alditan egon izan da batxilergo institutu bat. XIX. mendean, hiriburua zein zen ez zegoen garbi. 1840an, derrigorrez batxilergo ikasketen erakunde bat egon behar zen probintzia bakoitzean, eta Oñatiko institutu bat sortu zen". Erakunde intermitentea izan zen Oñatin, 1963ra arte.
Oñatiko institutuak hezkuntza-sistemaren gorabehera eta aldaketa guztiak bizi izan ditu eta denetara egokitu behar izan du. Hala, 1963tik 1980ra arte Hezkuntza eta Kultura Ministerioaren mendeko irakaskuntza ertaineko institutua zen. 1980an, Eusko Jaurlaritzaren eskuetara pasa zen hezkuntza eskumena, eta baita institutua ere.
10 urterekin hasten ziren 
Malen Imaz 50 urte horietatik 33an izan da institutuko langilea, 1979a ezkero, eta horietatik 17tan zuzendaritzan izan da. Egunotako ospakizunetako antolatzaile-taldean jardun du, nahiz eta iaz erretiratu zen. Berak bizi izan ditu aldaketa horietatik gehienak eta honela azaltzen du Oñatin institutu bat izateak zer ekarri zion herriari: "Herritarrendako izugarria zen batxilergo ikasketak herrian egin ahal izatea. Ni kanpokoa naiz eta, batxilergoa egiteko, herritik kanpoko akademia batera joaten nintzen eta, urte bukaeran, nire kabuz, Donostiara, azterketak egitera, bi egunean. Oñatiko neska-mutilendako aukera bat izan zen institutua; eta Zumarragatik, Urretxutik, Arrasatetik, Aretxabaletatik, Eskoriatzatik… etortzen ziren ere. Beste herri batzuetatik ere euren kabuz etortzen ziren: Altsasutik, Olaztegitik…" Eta urte askoan, autobusean etortzen ziren Legazpiko ikasleak institutura.
Batez ere lehenengo urteetan, ikasle asko izan zituen Oñatiko institutuak. Urte batzuetan gehiago eta beste batzuetan gutxiago, oro har 2.500 ikasle gutxienez ibili izan direla esaten du Imazek.
Imazek bizi izan ditu ere Euskadiko hezkuntza sistemak, eta beraz Oñatiko institutuak ere izan dituen aldaketak: "Hasierako urteetan, 10 urterekin sartzen ziren ikasleak, eta sarrera-azterketa egin behar izaten zuten. Askotan, galderak sen onarekin erantzutekoak ziren. Katezismoa, geografia, matematika… gai askotako galderak izaten ziren. Garai hartan, Oinarrizko Batxilergoa egiten zen, bere errebalidarekin, eta gero, Goi Batxilergoa, hura ere bere errebalidarekin".
1975ean, beste ikasketa-plan bat hasi zen: BBB (gaztelaniazko BUP) hiru urtean, eta 14 urterekin sartzen ziren ikasleak; eta gero, UBI (COU) eta selektibitatea. Azkenik, 1998an hasi ziren gaur egungo planarekin.
Institutuko gaur egungo ikasleek –eta lehengo askok ere– ez dute historia hori ezagutzen, eta, urteurrenaren harira, berau azaltzen ahalegindu dira.
Beti itxura berarekin 
Baina hezkuntza-sistemaren aldaketez gain –edo horiekin batera–, Oñatiko institutuak beste aldaketa batzuk bizi izan ditu. 
Hala, bere lehenengo egoitza Sancti Spiritus unibertsitatean izan zuen. 1968an hasi ziren gaur egungo eraikina egiten, Sancti Spiritus unibertsitatearen ondoan. Han, ospitale zaharra eta Gereka txokolate lantegia zeuden. Bi egoitza horiek bota eta eraikitze-lanak hasi ziren. Eraikin berezia da, ezohikoa batxilergo institutu batendako: "Unibertsitatearen antzekoa izateko dago eraikita, eta nik uste dut oso ondo eginda dagoela. Hemendik pasatu diren Hezkuntza delegazioko ordezkariek esaten dute zein ondo eginda dagoen. Aldaketa batzuk egin izan dira, behar berrietara egokitzeko; adibidez, hiru laborategi zeuden lehen eta bat, egokia, dugu orain; 2011n, igogailua ipini zen; baina beti eduki izan da eraikina itxura berarekin", esaten du Malen Imazek.
1998an, gaur egungo sistema ezarri zenean, bat egin zuten Zuazola batxilergo institutak eta Larrañak, heziketa zikloak eta REM ikasketak ematen zituenak: "Plan berria ezarri zenean ez zuen zentzurik bi ikastetxe publiko egoteak, eta bat egin genuen", esaten du Imazek. 
Oñatiko irakasleekin hasi 
Gipuzkoako institutu bakarrenetarikoa zenez, Oñatiko institutuko ikasleak leku askotakoak ziren, baina irakasleak ere hala izan dira. Jose Juan Iraola izan zen lehenengo zuzendaria. Hasierako irakasle gehienak Oñatikoak edo ingurukoak ziren, tartean Oñatiko fraide agustinoak ere bai –Elena Valbuena literatura irakaslea eta Jesus Ortiz agustinoa, adibidez, oraindik bizi dira–, baina, denborarekin, beste leku batzuetatik ekarri zituzten lehenengo Hezkuntza Ministerioak –Kataluniako, Andaluziako, Galiziako, Extremadurako, Kanarietako eta beste leku askotako irakasleak pasa izan dira Oñatitik, eta horietako batzuk ikastetxeak atezainarendako izendatuta zituen etxebizitzetan bizi ziren– eta gero Hezkuntza Sailak. Baina garai guztietan egon izan dira klaustroan Oñatiko irakasleak.
Aipatzekoa da ere 1975ean, BBB (BUP) zikloak hasi zirenean, euskara irakasgai gisa ezarri zutela. 1983-1984 ikasturtetik aurrera, batxilergoa euskaraz ematen ere hasi ziren. Oñatiko institutuko ikasleek 1986-1987 ikasturtean egin ahal izan zituzten lehenengo aldiz selektibitateko azterketak euskaraz.
Jaiak, moda desfileak… 
Institutu bizia eta parte-hartze handikoa izan da beti Oñatikoa. Hasierako urteetatik, kirol eta kultura emanaldiak, hitzaldiak… antolatu eta haien protagonistak izan dira Oñatiko institutuko ikasleak; eta askok gogoan izango dituzte ikasleek, irakasleen laguntzarekin, egiten zituzten Santo Tomas jaiak, Gabon aurreko ekitaldiak eta moda desfileak. Eta gurasoek ere, Guraso Elkartean edo eskola-batzordeko kide gisa, betidanik parte hartu dute institutuko bizitzan, zuzendaritzarekin lotura zuzenean.
50. urteurrena 
Zapatuan egin zituzten urteurrena ospatzeko ekitaldi nagusiak, besteak beste: bisita institutuko instalazioetatik, ekitaldi ofiziala eta bazkaria. Ikasleak, ikasle ohiak, irakasleak, garai bateko irakasleak, gurasoak, ikuskariak eta instituzioetako ordezkariak batu ziren. 
Lehenik, bisita egin zuten instalazioetan. Hala, guztiek ere azken berrikuntzak ikusteko aukera izan zuten. Hain zuzen, orduantxe gertatu zen eguneko anekdota. Egungo institutuko irakasle bat arbel digitala zer den eta nola erabiltzen den azaltzen ari zenean, Elena Valbuena lehen ikasturteko irakasleak esan zuen: "Erraztasun gehiegi ematen dizkiezue egungo ikasleei eta irakasleek lan gutxiago egiten duzue". Zur eta lur utzi zituen guztiak. Instituzioen aurrean horrelakorik ez esateko esan zion egungo irakasle batek txantxetan, bestela, soldata jaitsiko dietela-eta.
Bisitan, geletan sartu, ikasleen argazkiez eginiko bideoak ikusi eta pasilloetako argazki zaharrei begira egoteko aukera izan zuten. Gustura egon ziren asko garai bateko argazkiei begira, ea nor ezagutuko.
Lehen ikasturtean ikasle izandako Santi Mendiolak esan zigun aldatu den bakarra dela proiektagailuak jarri dituztela; eta lehen, gurutzea eta Francoren argazkia zeudela gela guztietan. 
Ekitaldi ofiziala
Bisitaren ostean, ekitaldi ofiziala egin zuten institutuko aretoan. Bertan hitz egin zuten Oñatiko alkate Mikel Biainek, Hezkuntza Saileko ordezkari Gema Gonzalez de Txabarrik eta Zuazola institutuko zuzendari Leire Iturriozek. Biainek, besteak beste, Lomce legea kritikatu eta hezkuntzan ezin dela murrizketarik egin esan zuen. Gonzalez de Txabarrik zorionak eman zizkien lanean aritutakoei: "Zorionak 50 urte hauetan lanean aritu zareten guztioi. Izan ere, ikastetxetik bisita egin besterik ez dago, gauzak ondo egin direla ikusteko". Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza saileko kabineteko zuzendari Jose Manuel Bujanda ere ekitaldian izan zen. Iturrioz zuzendariak eskerrak eman zizkien ekitaldira joandako guztiei eta institutuak bere ibilbide guztian izan dituen aldaketez ere mintzatu zen: "50 urte hauetan institutuak aldaketa asko bizi izan ditu. Guzti hau posible egin duten guztiei eskerrak eman nahi dizkiet".
Instituzioetako ordezkarien hitzen ostean, Sara Biain ikasleak gitarra klasikoaz bi pieza jo zituen. 
Jerardo Elortzaren hitzaldia
Institutuaren ibilbidearen eta historiaren xehetasun gehiago eman zituen Jerardo Elortza historialari oñatiarrak. Antzinako argazkiak ere erakutsi zituen, esaterako: 1963ko inaugurazio ekitaldikoa, laborategiaren bedeinkaziokoa, lehen ikasturtekoa eta eraikin berriaren lanetakoak.
Omenaldia
Lehen ikasturteko irakasle Elena Valbuena eta zuzendari Juan Jose Iraola ere izan ziren zapatuko ekitaldian. Omenaldia egin zieten. Euren garaietako bi ikaslek (Santi Mendiola eta Maria Isabel Biain) lore sorta bana eta lehen ikasturte hartako argazkia eman zizkieten. "Oso hunkituta nago eta eskerrak eman nahi ditut egin duzuen guztiagatik", esan zuen Valbuenak. Amaitzeko, Maider Arregik lau bertso abestu zituen eta ostean talde argazkia atera zuten 50. urteurreneko ekitaldia ere historiaren parte bilakatu eta bilduman sartzeko.
-----------------
Eraikin polita Oraingo eraikina 1968an hasi ziren egiten, ospitale zaharra eta Gereka Txokolateak lantegia zeuden lursailean. Sancti Spiritus Unibertsitatearen ondoan dago eta haren estilora egin zuten, ezohikoa hezkuntza zentro batendako. Egokitzapenak egin arren –irisgarritasun obrak egin zituzten orain gutxi–, itxura eta egitura berberak gorde ditu.
-----------------
Eraikin berrian Institutua gaur egungo eraikinera pasatzea oso garrantzitsua izan zen. 1970an inauguratu zen, Reyes Korkostegi alkate zela. Handik gutxira ateratako argazki honetan, Iriondo laterandarra (institutuko irakaslea bera ere) laborategia bedeinkatzen agertzen da.
-----------------
Oroitzapen asko Oñatiko ikastola ere batxilergoa ematen hasi zen arte, bigarren mailako heziketa institutuan egiten zuten neska-mutil gehienek. Kanpotik zetozenak gehituta, 2.500 ikasle gutxienez izan ditu institutuak. Oroitzapenerako argazki askoren protagonistak izan dira, besteak beste ikasbidaiatan eta irteeretan ateratakoak.
-----------------
Beste 50 baietz! 1998an, bat egin zuten institutuak eta Larraña lanbide institutuak. Zuazola-Larraña BHI deitzen da gaur egun, eta Urgain eskola publikoaren zati bat da. Zuazola eraikinean, DBH eta Batxilergoko ikasketak ematen dituzte, eta Larraña eraikinean, Heziketa Zikloak eta irakaskuntza ez-arautua.

No hay comentarios:

Publicar un comentario