domingo, 15 de diciembre de 2013

Santa Luzia feriara....

Urteko egunik motzeneko ohitura

Oihana Elorza 2013-12-13 16:33  OÑATI
15 bat urte zituela joan zen lehenengo aldiz Miel Maiztegi oñatiarra Zumarragako Santa Luzia feriara. Aitarekin, zaldiak saltzera. Harrezkero, ez du hutsik egin; ezta aurten ere. Abereak epaitzera doa gaur. Animalien lehiaketako epaimahaikide da azken 20 urte hauetan.
Goiko Bentako Miel Maiztegi, etxe aurrean. |  Ikusi handiago |  Argazki originala
Oinez Arantzazutik 
Horrenbestez, ondo ezagutzen du Miel Maiztegik gure bailaran ere estimatua den Santa Luzia eguneko feria. Animalien salerosketak ezagutzen ditu gertutik, batez ere. "Asko aldatu da, izugarri. Lehen, lanerako ziren animaliak eta salmenta onak izaten ziren. Levante aldeko erosle asko izaten ziren eta treneko bagoiak alokatzen zituzten Zumarragan erositako behi edo zaldiak hara eramateko. Lurra lantzeko makinak etorri ahal eta jendea fabriketan lanean hasi ahala, jaisten joan zen salmenta. Izan dira oso urte txarrak ere, eta azkenaldian indarra hartu du berriz. Okelatarako saltzen dira egun animaliak", kontatu du. "Ordaintzeari buruz, oraindik ere eskura egiten da egun, nahiz eta prezioak jartzeko modua aldatu. Lehen, animaliaren presentzia, izaera eta adina izaten ziren kontuan, esaterako, eta gaur egun pisua ordaintzen da. Askok etxean pisatuta ekartzen dituzte abereak feriara", jarraitu du. "Erosleak ere ez dira berdinak; egun, Italiara egiten dira salmenta asko. Bestalde, lehen, militarrak ere egoten ziren epaimahaian. Orain, Nafarroako, Arabako, Gipuzkoako eta Frantziako ordezkari bana gaude", zehaztu du. 
Santa Luzia feriara oinez joaten zen garaia gogoan du oraindik Maiztegik: "Artzanburun elurra egonez gero, bezperan ateratzen ginen etxetik. Han lo egin eta feria bukatutakoan bueltatzen ginen etxera. Azkenaldian, baina, egunean bertan egiten dut bidaia. Azkarregi".
Bordelen eta Ingalaterran 
Ganadu ferietara joatea gustukoa du Maiztegik eta Bordelen eta Ingalaterran egiten dituztenetan ere egon izan da. Duela gutxi Lizarrakoan izan zen. Eta gaur Zumarragan egongo da, debagoiendar asko bezala. "Ospe handia duen feria da eta oñatiar asko joaten dira urtero. Baita inguruko herrietakoak ere. Iparraldetik eta Erriberatik ere jende asko etortzen da", dio. 

No hay comentarios:

Publicar un comentario