domingo, 26 de enero de 2014

Natxo Santos

"Jendeari herriko argazkiak telebistan ikustea asko gustatzen zaiola uste dut"

Irati Goitia 2014-01-26 00:00  Oñati
Soldatzailea da izatez Natxo Santos, baina soldagailuarekin baino gehiago, argazki-kamerarekin ikusten dugu hainbat ekitaldi eta txokotan eguneko irudi onena ateratzeko gertu.
Natxo Santos argazki-kamera eskuetan duela eta atzean Oñati eta Aloña. | Ikusi handiago | Argazki originala
Beti daroazu kamera gainean?
Bai; izan ere, gertatu izan zait kamera ez eramatea eta objektiboaz harrapatu beharreko zerbait ikustea. Mekaguenka hasten naiz. Emaztearekin ibilaldi bat egitera irteten naizenean, txantxetan esan ohi diot 'hirurok' goazela. Eta hark askotan esaten dit lehenago utziko nukeela hura etxean, kamera baino. Txantxa izaten da, ordea. Hark ere gogorarazten dit kamera hartzeko; bestela, arraro ikusten nau. 
Nola hasi zinen argazkigintzara afizionatzen?
Oñati ikaragarri polita den herria da eta beti gustatu izan zait ikusten dudana jasotzea. Hasiera batean bideokamerarekin hasi nintzen. Familian izaten genituen bazkari edo gertakizunak jasotzeko ondo zegoen, baina ez zidan gehiagorako ematen. Hala, argazki-kamera analogiko bat oparitu zidaten, baina argazki asko ateratzen nituen eta erdiak gaizki ateratzen nituen. Izugarri garestia zen errebelatzea, gainera, eta irudien erdiak gaizki... Argazki-kamera digitalak irten zirenean bat erosi nuen. Ikaragarri kostatu zitzaidan, 1999. urtea zela uste dut eta 68.000 pezeta ordaindu nituen. Oraindik etxean dut gordeta, ezertarako balio ez duen arren. Kamera harekin sartu zitzaidan benetako harra.
Nola joan zara ikasten?
Nire kabuz joan naiz ikasten, poliki-poliki. Hasieran, ez nuen ulertzen eguzki betean ateratzen nuen argazki bat zergatik erretzen zitzaidan edo ez nekien ezer angeluaren edo azkartasunaren inguruan. Nik tematuta jarraitzen nuen, ordea. Akatsetatik ikasten joan naiz. Oraindik ere egiten ditut, egunero ikasten da zerbait. Egun, gainera, Internetekin oso erraza da. Zerbait tekleatu eta bertan duzu erantzuna.
Paisaiei eta baserri inguruei ateratzen dizkiezu argazki asko...
Bai, baserriek liluratu egiten naute. Argazkietan kontrasteak jasotzea gustatzen zait eta Oñatin badaude argi aldaketa ikaragarriak dituzten baserri inguruak. Gainera, eszenak ezberdinak dira egunero. Ehun bider joan zaitezke baserri berera, baina argiak egunero aldatuko dira.
Ze harrera egiten dizu jendeak?
Argazkiak ateratzera joaten naizenean baserrietara, etxeko ateak irekitzen dizkidate. Amaitu izan dut gazta eta txorizoa jaten. Jendea oso irekia da. Ez nau jende askok pertsonalki ezagutzen, baina ikusi izan dituzte nire argazkiak telebistan. Beraz, argazki-kameraz ikusten nautenean, galdezka etortzen dira ea Natxo Santos naizen. Txerri-hilketa ere tokatu izan zait baserrian, erreportaje bat egiten egon nintzen eta gozamena izan zen niretzat. Atsedenean, txokolatea hartzeko batzen zen familia osoa, eta han nengoen ni ere, familiako beste kide bat bezala.
Milaka anekdota izango dituzu...
Gertatu izan zait errekara joan eta erabat bustita amaitzea. Hori bai, kamera beti lehor. Edo zuhaitz batetik zintzilik gelditzea. Putre bat hegan zebilela atera nahi nuen eta zuhaitz batera igo nintzen. Bertan izan nintzen bi orduz eta jaitsi behar nintzenean motxila korapilatu zitzaidan zuhaitzean eta han gelditu nintzen zintzilik. 20 minutuz edo egon nintzen han; azkenean, askatu nintzen. Beste batzuetan, iratzargailua gaizki jarri eta goizeko ordu batean iratzarri izan naiz. Asko gustatzen zait egunsentia harrapatzea. Jende askok harrituta begiratzen dit goizeko bostetan ikusten nauenean. Haiek lanera joaten dira eta ni, berriz, disfrutatzera. Merezi izaten du goiz iratzarri Aloñara joateko argazki bat ateratzera eta berriz jaistea.
Internetera igo ohi dituzu argazkiak; erakusketarik egiteko asmorik?
Bai, blogera eta Facebookera igo ohi ditut; batez ere, ekitaldi sozialetakoak. Asko gustatzen zait jaietan edo Inauterietan argazkiak ateratzea, adibidez. EiTBko Eguraldia saiora ere bidaltzen ditut. Jendeari asko gustatzen zaio herria telebistan ikustea, letxuga batzuk izaten badira ere. Erakusteari dagokionez, badut proiektu bat, baina ez dakit... Izan ere, niri gustatzen zaidana gauza bat da eta jendeak gogoko duena beste bat. Jendea harrituta geldituko litzateke erakutsiko nituzkeen lanekin.

No hay comentarios:

Publicar un comentario