jueves, 24 de julio de 2014

Bizikletaren kultura eta teknika ezagutzeko ikastaroa egin dute Oñatin

 TXIRRINKA TALDEAK ANTOLATUTAKO EKIMENA IZAN DA
 OK MAGAZINEA
Txirrinka, Oñatiko bizikleta zaleen elkarteak, Tete de la Course enpresarekin elkarlanean, bizikletaren erabilera bultzatzeko ikastaro interesgarri bat amaitu berri du. Azken bi asteetan coffee & bike izeneko ikastaroa eman dute eta bertan parte hartu dutenek, norbere bizikleta ondo ezagutzeko hainbat saio teoriko eta praktiko jaso dituzte.

Ez da lehen aldia Tete de la Coursek, herrian tankera honetako ikastaro bat antolatzen duena. Aurrez ere, izan baita bizikletaren erabilera eta ezagutza bultzatzeko beste horrelako ekimenik. Azken hau baina, ikastaro sakonagoa izan dela esan daiteke. Izan ere, bi asteetan zehar, bizikleta hobeto ezagutzeko oinarrizko lau klase eman dira.

Teoria eta praktika

Astelehen eta asteazkenetan, Zubillaga auzoko Olaburu zentroan eman dira saio guztiak eta izena eman duten 8 ikasleek (plazak bete egin ziren), 2,5 orduko lau saio teoriko-praktiko jaso dituzte. Helburua, bizikletaren kultura eta teknikan barneratzea izan da, bizikleta eta bere erabilera egokiaren ezagutzekin lehen kontaktu bat izanik.

Uztailaren 14, 16, 21 eta 23an eman dira klaseak eta guztiek zuten oinarri berbera. Hasieran teoria pixka bat landu eta paper gainean ikusitakoa, praktikan jarriz amaitzen zuten eguna ikasleek. Bizikletaren ergonomia, segurtasuna, zulatuak, garbiketa, doiketa, mantenua...nola egin behar den ikasi dute, besteak beste.

Antolakuntzatik adierazi digutenez, guztiak oso pozik gelditu dira klaseetan ikasitakoaz eta aurrera begira, horrelako tailer gehiago egiteko aukera ez dutela baztertzen adierazi digute Tete de la Course enpresako arduradunek.
Praktikak oinarrizkoak izan dira klase guztietan.

No hay comentarios:

Publicar un comentario