domingo, 13 de julio de 2014

Esklerosi anizkoitza



Oñatin ere busti dira esklerosi anizkoitzarengatik

Irati Goitia 2014-07-13 13:09  OÑATI

Foruen plazan jarri duten mahaian kamisetak saltzen, gaur goizean.
Esklerosi anizkoitzaren gainean herritarrak sentsibilizatzeko eta dirua batzeko helburuarekin Busti Zaitez eguna da gaurkoa, eta Oñatin ere egin dute. Foruen plazan informazioa banatu dute eta kamisetak saldu dituzte. "Kanpaina oso garrantzitsua da guretzako", adierazi du gaixotasuna duen Jose Luis Calvo oñatiarrak.
Jose Luis Calvo, beste lagun batzuekin batera, izan da Foruen plazan jarritako mahaian informazioa banatzen eta kamisetak saltzen. Busti zaitez kanpainaren helburu nagusiak bi dira: batetik, herritarrak sentsibilizatzea; eta bestetik, gaixoek behar duten errehabilitazio zerbitzua ordaintzeko dirua batzea. Gaurko egunez, Oñatiz gain, beste 14 herritan ere eraman dute aurrera kanpaina.
"Kableak dituen makina batekin alderatu daiteke gure gaixotasuna. Huts egiten duen kablearen arabera, gauza batek egingo du kale edo beste batek. Gure gaixotasunean berdin gertatzen da. Batzuei hanketan eragiten die eta beste batzuei berba egiteko erraztasunean. Sintomak ezberdinak izaten dira", azaldu du Calvok. Hala, gaixo bakoitzak bere beharren araberako tratamendua behar izaten du. Gipuzkoako gaixoak Donostiara joan behar izaten dira berau jasotzera, bertan ematen baitu elkarteak zerbitzua. Egun, helburua izaten da gaixotasunaren eragina ahalik eta gehien atzeratzea. "Badabiltza tratamendu berriak ateratzen. Beraz, inoiz ez da galdu behar gaitza osatuko duen tratamendua bilatuko duten esperantza", zihoen Calvok.
Bestalde, eskerrak eman nahi izan dizkie herritarrei eta mahaian lanean egoten direnei. Gogora ekarri du baita kanpaina urteko egun bakarrean egiten dutela, baina gaixotasuna urte guztian zehar sufritu behar dela. Hala, herritarrei "ahal duten neurrian" laguntzeko eskatu die.

Arrasaten, igerilekura salto

Arrasaten Musakolako igerilekuan egin zuten kanpaina joan den astean. Eguraldia ez zuten lagun izan, hala ere, oso ondo joan zela adierazi dute. Guztira 1709 euro batu zituzten eta informazioa ere banatu zuten.

No hay comentarios:

Publicar un comentario