domingo, 31 de agosto de 2014

Goiz pasa polita, pottoka ezagutuaz

Miren Arregi 2014-08-31 17:35  Oñati
Helburua, pottoka ezagutzera ematea. Hala, Oñatiko Pottokalekuk eta Arantzazuko Parketxean antolatuta, Bizi Pottoka! eguna egin dute gaur. Arantzazuko Parketxean hasi dute bisita eta han, pottokaren historian sakontzeko aukera izan dute. Ondoren, Pottokalekun, euskal arrazako zaldia gertu-gertutik ezagutu dute. Gipuzkoa osotik joandako hamabost lagunek hartu dute parte.
Pottokak ukitu, laztandu, gidatu, eta haien gainean ibili dira ekintzan parte hartu dutenak: "Oso animalia argiak dira pottokak. Errespetuz tratatuz, euren erantzuna ere horrelakoa da", dio Jon Elortzak, Pottokalekuko arduradunak.

Europako zaharrena

Pottoka ezagutzera ematea zen egunaren helburua: "Jende askok ez daki antzinako animalia dela, euskal jatorrikoa, eta Europako zaldirik zaharrena. Historiaurreko gizakiak Ekainen margotu zituztenak pottokak ziren", dio Elortzak. "Euskaldunok pottokak ehizatu egiten genituen historiaurrean; ondoren, zelten eta erromatarren garaian, zaldiaren kultura hedatu zen. Zaldiaren gainean ibiltzen hasi ginen orduan eta gerretan erabili genituen", gaineratu du.
Pottoka galtzeko zorian dagoen animalia dela ere nabarmendu zuten atzo: "Hori horrela, garrantzitsua da ezagutzera ematea".
Ikusi argazki guztiak

No hay comentarios:

Publicar un comentario