sábado, 25 de octubre de 2014

Oñatiko txoko ederrenak bisitatu dituzte Gipuzkoako 600 bat erretiratuk

 Larraitz Zeberio 2014-10-25 16:18  Debagoiena  Oñati

Eguraldi ona, paisaiaren edertasuna eta antolakuntza nabarmendu dituzte, batez ere, parte-hartzaileek. 
Parte-hartzaileak Torreauzora iristen. 
Polita da Oñati eta eguraldiak laguntzen duenean, zer esanik ez! Gaur goizean, Gipuzkoako erretiratuen XXIV. Ibilaldia egin dute bertan, eta amaieran gustura agertu dira bai parte-hartzaileak bai antolatzaileak. "Oso ibilbide polita izan da, zoragarria!", zioen Idiazabaletik etorritako bikote batek.
Elastiko laranja soinean, 600 bat lagun abiatu dira Foruen plazatik, 11:30ak aldera. Atzerapenarekin eman diote hasiera ibilaldiari, eta ondorioz apur bat atzeratu da amaiera, baina inork gutxik zuen kexarik.
Erretiratuek oinez egin dituzte ibilbideko bederatzi kilometroak. Lau laguneko taldetan banatuta egitekoa zen ibilbideko hiru kontrol guneetako zigiluak jaso, eta bueltan plazara itzultzea. "Antolatzaileak oso ondo aritu dira", zioen Pasai San Pedrotik etorritako talde batek. "Herriko erdigunea ikusi dugu, baita zenbait auzo ere. Ibilbidea ohikoa baino apur bat luzeagoa izan da, baina pena merezi izan du".
Sasoi onean daude Gipuzkoako erretiratuak. Bederatzi kilometroko ibilbidea egin ostean denek eskertu dute gerizpetan lasai esertzea, baina laster indarberritu dira gehienak kiroldegiko bazkarirako, eta ondorengo dantzaldirako.
Bi lagun artatu behar izan dituzte ibilbidean; bata zorabio txiki batengatik, eta bestea erorketa batengatik.

Oñatiko produktuak plazan

Bazkaldu aurretik, Oñatiko produktuak ezagutzeko aukera izan dute kanpotik etorritako erretiratuek. Gazta, txakolina, txokolatea... zeuden salgai, helburu horrekin, plazan.

No hay comentarios:

Publicar un comentario