domingo, 26 de octubre de 2014

Panderoaren taupada eta trikitiaren jolasa, Oñatin

Larraitz Zeberio 2014-10-25 23:11   Kultura  Debagoiena  Oñati
Estilo eta eskola oso ezberdinek bat egin dute emanaldian, baita trikitilari belaunaldi ezberdinek ere. 

Kepa Junkera eta Sorginak, gaur, Oñatiko jaialdian. 
Luxua izan da gaurkoa edozein trikiti zaleturendako. Oñatiko Lizargarate elkarteak antolatutako jaialdia bi ordu pasatxoko gozamena izan da, eta aspaldiko partez uneko trikitilari esanguretsuenak jaialdi berean elkartuta ikusteko aukera bakarrenetarikoa.
Iker Zubeldiak eta Iban Urdangarinek bertsotan eta umoretik aurkeztutako jaialdian izan dira Irati Gutierrez eta Amets Ormaetxea, Imuntzo eta Beloki, Xabier Etxaniz eta Ainara Saizar, Kristina Olano, Agirrebeña anai-arrebak eta Jauregi, Kepa Junkera eta Sorginak, eta amaitzeko, Gozategi anai-arrebak.
Soinu txikia oinarri hartuta ia denetik entzun zen Santa Ana aretoan: ehun urtetik gorako koplak, biribilketak, trikitixak eta porrusaldak, reagge zein rock doinuak, dultze-meneoak, pasodobleak... Tradizionala zein modernoa, trikitilari eta pandero-jotzaileek argi erakutsi dute soinu txikiarekin gauza berri asko egin daitezkeela oraindik ere, eta askok horretan dihardutela.

Publikoa gustura

Publikoak ere horrela baloratu du, eta asko hunkitu ere egin dira trikitilariek erakutsitako trebeziarekin. Hala, gazte zein nagusi, eskuzabalak izan dira. Txalo egin dute musikarien abilezia nabarmendu eta eskertzeko, eta irrintzi —bat egon da— bertan egoteko poza adierazteko.
Zentzu horretan, harrera berezia izan dute jaialdian Imuntzo eta Belokiren doinu jostagarriek, Xabier Etxaniz eta Ainara Saizarrek eskainitako pieza liluragarriek zein Kepa Junkerak sei ikasle gazterekin batera egindako eszenaratzeak. Belaunaldi gazteagoek ere eman dute zer esana; infernuko hauspoa ez da galbidean.     

Aipamen bereziak

Emanaldi bizia egindute trikitilariek, eta ez da Oñatirekin lotutako aipamenik falta izan: Oñatiko moneta berria, herriko trikiti elkarteak egindako lana... gai asko irten dira koplatan. Baita Arraotz auzoko Primi Erostarberen omenez Imuntzo eta Belokik egindako aipamena ere: "Inoiz egon den irrintzilari bikainenetakoa, bikainena ez bazen", esan zuen Belokik.
Jaialdiaren ondoren, afaria egin dute gaztelekuan, eta afalostean erromeria Gari eta Iñakirekin.

No hay comentarios:

Publicar un comentario