miércoles, 10 de diciembre de 2014

Gazteen lokalak aztertuko ditu Oñatiko Udalak

 Oihana Elorza 2014-12-10 12:41  Oñati

Elkarbizitza eta segurtasuna dira helburuetako bi. Gazteekin, gurasoekin, lokalen jabeekin eta Udaleko sail ezberdinetan lana egiten duten teknikariekin batera egingo da azterketa, Aztikerrek gidatuta.
'Txebi', Martinez de Albeniz, Zubia eta Lopez, gaztelekuan 
Oñatin dauden gazteen lokalak aztertzeko proiektua martxan jarri du Udalak. Aztiker enpresaren laguntzarekin egingo du; Gipuzkoako beste sei herritan ere egin du lan hori enpresa horrek.
Hala, Gabonetan, abenduaren 22tik aurrera, eta gazteak oporretan egongo direla aprobetxatuz, herriko bi gazte lokaletara joango dira, hango informazioa gazteen eskutik jasotzera. Jabi Bujanda 'Txebi' izango da gazte horietako bat eta dio datu hauek eskuratu gura dituztela lokaletan dauden gazteei egingo dieten galdetegiarekin: "Inguruko bizilagunekin zer nolako elkarbizitza duten, zein den duten egoera legala, lokalaren segurtasuna nolakoa den eta lokala erabiltzen duten gazteen perfila, adibidez".
Azterketa hau, baina, gazteekin bakarrik ez du egingo Udalak, baita gurasoekin, lokalen jabekideekin eta Udaleko sail ezberdinetako langileekin ere. Izan ere gai hau gazteria ikuspegitik ez ezik, beste sail batzuetatik ere aztertu behar dela uste du Udalak. "Esaterako, hirigintzako ordezkariak, udaltzainburua, prebentzio saileko teknikaria eta ni neu ere proiektu hau gauzatzeko osatuko den taldean egongo gara", dio gazteria teknikariak, Jon Lopezek. Gurasoekin eta lokalen jabeekin egoteko, deialdi irekiak egingo dituzte urtarrilaren 14tik aurrera.

Marra gorriak

Gaur, eguaztena, eman dute proiektu honen berri gaztelekuan. Nerea Zubia zinegotziak aurreratu duen moduan, azterketa honek ez du esan gura ordenantza edo arautegi bat egingo denik gero, "baina marra gorri batzuk finkatuko dira, bai".
Oñatin gazteen 32 lokal inguru daudela adierazi du Zubiak, "2013ko uztaileko datua da hori, hondakinak gaika batzeko sistema martxan hasi zenekoa". Harrez gero lokal batzuk itxi direla ere adierazi du, bizilagunen salaketengatik eta lokalaren erregulazio ezagatik, baina beste batzuk ere zabaldu direla, beraz, kopuru hori "gutxi gora-beherakoa" dela dio.
Gipuzkoako Aldundiarekin, Gipuzkoako sei gazteria teknikarik hartu zuten parte gazteen lokalen marko bat egiteko, tartean Jon Lopez Oñatiko teknikaria. Orain, marko hori Oñatira ekarriko dute eta hori egiteko Aztikerren laguntza izango du Udalak. "Batez ere bizikidetza harremanak eta lokalen segurtasun neurrien ingurukoak aztertzea da helburua", adierazi du Aztikerreko Arkaitz Martinez de Albenizek.
Emaitzak maiatzerako izatea espero du Udalak.

No hay comentarios:

Publicar un comentario