domingo, 7 de diciembre de 2014

Hilaren 30ean itxiko dute Urbia taberna

Oihana Elorza 2014-12-04 16:32  Oñati
Urtea bukatzearekin batera itxiko ditu ateak betirako Urbia tabernak. 43 urteren ostean, abenduaren 30ean zabalduko dute azkenengoz. Santi Mujikak eta Lourdes Mendizabalek afari asko dituzte enkargatuta dagoeneko, despedida moduan.
Santi Mujika eta Lourdes Mendizabal, Urbia tabernan 
"Egun hauetan eskerrak eta opariak jaso eta jaso ari gara. Egunero egiten dut negar, hunkituta. Baina eskerrak geuk eman behar dizkiegu herritarrei, oñatiarrei. Lana egin dugu, baina lagunak ere bai", zioen Urbia tabernako Lourdes Mendizabalek martitzen iluntzean. "Etxekoen artean eraman dugu beti taberna eta jatetxeko martxa eta lana ez zaigu inoiz falta izan, beti ibili da jendea gurean. Baina gelditzen zaizkigun urteak beste modu batera ere aprobetxatu gura ditugu", adierazi zuen ondotik senarrak, Santi Mujika idiazabaldarrak.

Eguen Gizen, azaroan

Mujikaren gurasoek, Maritxu eta Eugenio, etxola bat zuten Urbian eta asteburu eta jai egunetan otorduak ematen zituzten. "40-45 lagun elkartzen ziren han bazkaltzeko, eta gogoan dut jatordu horiek prestatzeko oilaskoak hiltzen nituela nik. Sei edo zazpi urterekin hasi nintzen horretan. Hamazazpi urte nituenean etorri ginen Oñatira eta gurasoek Urbia taberna zabaldu zuten. Goierrikoak gara izatez, baina Urbian Oñatiko lagun asko eta asko egin genituen, eta horregatik erabaki genuen hona etortzea. Mutikotan Arantzazun egin nituen nik ikasketak eta Ulman ibili naiz lanean urte askoan", dio Mujikak.
Maritxu Etxezarretak prestatzen zituen jatorduak orduan. Lourdes 1980an iritsi zen Oñatira. Aurretik, hamar urte egin zituen lanean Bilore enpresan eta ostalaritzan sekula ibili gabea zen, baina amaginarrebari laguntzen hasi, eta erreleboa hartu zion gero. "Ez ditugu inoiz aparteko platerak prestatu. Bertako produktuak erabili ditugu betik, hori bai", aipatu du Lourdesek.
"Aparteko platerak" ez eginagatik estimatua izan da oso Urbia taberna. Gertuko tratuagatik, hein handi batean. "Arkume garaian, esterako, arkume-jana egitea etorri dira asko. Ardikiak jatera ere bai. Ehizako piezak ere ekarri izan dizkidate prestatu eta bertan jateko. Beste batzuk, berriz, Aratusteetan Ostegun Gizen eguna hementxe ospatzen zuten urtero. Hurrengo urtekoa, azaroan ospatu dute, despedida moduan", jarraitu du kontatzen Lourdesek.

Taberna zabalik egon den 43 urte hauetan denetariko ospakizunen lekuko izan dira Urbia tabernan. "Herriko enpresa askok hementxe egin dituzte urteko afariak; despedidak ere ospatu dira; beste koadrila batek, esaterako, 26 urtetan hementxe egin du urteko afaria; herriko kirol taldeen ospakizunak ere izan dira; familiakoak; trikitilariak; katekistak; feriara etortzen direnak...", du gogoan sukaldariak. Menua, ahoz esan izan dute beti.
Kartetan jokatzea edo txikitoak hartzera ere asko joan dira Urbia tabernara. "Asko aldatu da hori. Auzotarrak beti etorri dira baina lehen txikitero gehiago zeuden, Errekalden ortuak zituztenak ere hiltzen doaz... Orain, Errekaldeko herri eskolako gurasoak, musika eskolakoak... etortzen dira eguneroko kafea hartzera", dio Santik.

'Frito katxiak'

Inoiz gertatu izan zaie kalean daudela afaria enkargatu eta eurei apuntatzea ahaztu. "Hala ere, inor ez da guretik jan barik joan, ordua edozein izanda ere", dio Lourdesek. "Behin, bokadiloekin batera kroketen bi errazio eskatu ziguten. Eramateko ziren eta katxietan sartzea pentsatu genuen. Harrez gero, frito katxiak eskatu izan dizkigute, dio alabak, Agurtzanek.

No hay comentarios:

Publicar un comentario