lunes, 9 de febrero de 2015

ESPAINIAKO TXAPELKETARAKO MINIMA ETA BRONTZEZKO DOMINA

ok magazinea

2015-02-09 11:49:33
ESPAINIAKO TXAPELKETARAKO MINIMA ETA BRONTZEZKO DOMINA
Asteburu arrakastatsua, Sara Gomez eta Yeray Varela korrikalarientzat
Larunbat honetan, absoluto mailako pista estaliko Euskadiko txapelketak jokatu dira Anoetako belodromoan. Bertan, espezialitateko euskal atleta onenak elkartu ziren, tartean bi oñatiar zeudelarik. Sara Gomezek sekulako proba osatu zuen 1500 metroko lasterketan. Marka pertsonala egiteaz gain, Espainiako txapelketarako minima lortu baitzuen. Yeray Varelak berriz, brontzezko domina eskuratu zuen 3000 metrokoan.

Euskadiko txapelketako dominez gain, Espainiako txapelketarako minimak zeuden jokuan larunbateko proban eta Aloña Mendiko atletek, ez zuten hutsik egin. Beste astebetez sasoi puntu bikainean daudela erakutsi dute Sara Gomez eta Yeray Varela korrikalariek. Biak ala biak, krosean murgilduta ibili dira azken asteetan, baina kalitate handia dutela berretsi dute beste astebetez.

Sara Gomezek bere kirol ibilbideko lasterketarik onena egin zuen larunbatean. 1500 metroko lasterketan lehiatu zen Gomez eta 4:58:66 marka eginez, bederatzi segundu pasatxoan txikitu zuen distantziako bere marka pertsonala (5:07:30). Balentria honi esker, Martxoaren 7an Valentzian ospatuko diren Espainiako txapelketarako sailkapena lortu du gazte mailako atleta oñatiarrak. Estatuko txapelketan izateko minima, 5:01:00 dago.

Gazte mailan Espainiako txapelketarako txartela lortzera oso oso zaila dela adierazi digute atletismo saileko arduradunek: «Maila hauetan hainbat korrikalari erdi-profesionalak izaten dira eta kontutan hartzen badugu, Valentzian kategoriako 18 bat korrikalari soilik egongo direla, Sarak lortu duenari, oraindik balio gehiago ematen dio».

Sinestu ezinda

Gomezek tarte bat hartu du gaur goizean OK Magazinearekin hitz egiteko. Asteburuan lorturiko balentria «izugarria» izan dela baieztatu digu. Emaitza, «entrenamendu gogorren» ondorioa izan dela baieztatu du eta oraindik, lorturiko balentria asimilatu ezinik dagoela onartu digu. Pistan, Espainiako txapelketan parte hartzen duen lehen aldia izango da Gomezentzat.

Hona hemen gaur goizean berarekin egindako elkarrizketa:


Varelak brontzea

Yeray Varelak berriz, 3000 metroko lasterketa egin zuen. Ez zen erabat fin sentitu baina kalitate handiko korrikalaria izanik, ondo sufritu eta azkenean, podiumeko hirugarren postua eskuratu zuen. Oñatiarraren marka 8:40:56 izan zen. Hau ere, azken asteotan krosean burubelarri ari da eta asteburu honetan beste erronka potolo bat izango du taldearekin. Distantzia motzeko Espainiako kros txapelketarako taldekako minima lortu ostean, igande honetan, Elgoibarren, distantzia luzeko minima lortzeko aukera izango du talde gorritxoarekin.

Bi txantxikuarrez gain, talde oñatiarrak beste ordezkari bat izan zuen larunbateko txapelketan. Unai Hernandezek, 800 metroko lasterketan bostgarren postua lortu zuen. Azken zuzengunerarte dominen lehian ibili zen Hernanez, baina bihurgunean postu batzuk galdu eta azkenean podiumetik kanpo gelditu zen. Gogoratu beharra dago, Aloña Mendiko atleta, iaz Euskadiko Txapeldun izan zela.

Sara Gomez eskuineko lehena, Donostiako belodromoan

No hay comentarios:

Publicar un comentario