jueves, 19 de febrero de 2015

Jon Irizar

ok magazinea

2015-02-19 13:43:24
IAZ EREINTZA TALDEAN JOKATU ZUEN
Jon Irizar eskubaloi jokalaria, Aloña Mendi taldera itzuli da
Eskubaloi saileko talde nagusiak jokalari berri bat izango du bigarren itzuliari aurre egiteko. Denboraldi eta erdi Oñatitik kanpo ibili ostean, Jon Irizar etxera itzuli baita. Iaz Errenteriako Ereintza talden jokatu zuen. Azken bost hilabeteotan berriz, ikasketak tarteko, Galesen egon da. Bi esperientzia horiek atzean utzita, Aloña Mendira itzuli da. Guzti honen gainean hitzegin zuen atzo Oñati Irratian.

Izarraitz Aloña Mendi taldeak, altuerako fitxaketa egin berri du. Jon Irizar oñatiarrak zentimetro ugari emango dizkio taldeari zalantzarik gabe, baina horrez gain, goi mailan aritu izanaren esperientzia ere, gehituko dio Rafa Zuluetaren taldeari. Urte eta erdi eman ditu etxetik kanpo Irizarrek eta Errenteriako eta Galeseko esperientzia amaituta, bere betiko etxera «gogotsu eta ilusioz» itzuli dela onartu zuen atzoko elkarrizketan.

Errenteriako esperientzia

Hiru denboraldi zeramatzan Jonek, ikasketak tarteko, astean zehar Ereintza taldeaz entrenatzen. Hala ere iazko denboraldian, Errenteriako taldeaz esperientzia berria probatzea erabaki zuen: «Bigarren taldean jokatzeko aukera eman zidaten eta Donostian ikasten nengoela ikusirik aukera aprobetxatzea erabaki nuen».

Inork gutxik espero zuen baina, 2013ko urte amaieran Ereintzako lehen taldeazdebuta egingo zuenik: «Zilarrezko Ohorezko ligan (estatuko bigarren maila) geneukan lehen taldea eta egia esan, esperientzia oso aberasgarria izan zen neretzat. Guztira bederatzi bat partidu jokatu nituen bertan eta asko ikasi nuen». Denboraldi amaiera ordea, ez zen oso ona izan Irizarrentzat: «Orkatilako lesio baten ondorioz azken hilabeteak kantxatik kanpo eman nituen» adierazi zuen elkarrizketan.

Ikasketak Galesen

Uda pasa ostean, Swansea (Gales) alderako bidaia egin zuen. Kasu honetan, enpresa komunikazio ikasketak izan ziren abentura honen errudun. Bost hilabete egin ditu Gales aldean eta pertsonalki asko ikasteaz gain, kirol arloan ere lurraldean oso ezaguna den Lacrosse kirola probatzeko aukera ere izan zuen.

Orain berriz, bi esperientziak bizkar gainean hartuta, etxera bueltatu berri da. Dagoeneko bizpahiru aste daramatza taldeaz entrenatu eta jolasten. Taldekideak nola ikusi dituen eta liga amaitzeko falta diren zazpi partiduetarako dituzten helburuetaz mintzatu zen besteak beste, atzoko elkarrizketan.

Hemen daukazue elkarrizketa osoa entzungai:


Irizar Zubikoan, astearteko entrenamenduan.

No hay comentarios:

Publicar un comentario