miércoles, 18 de febrero de 2015

Monitore zerbitzua

ok magazinea
2015-02-18 11:45:58
MARTXOAN HASIKO DA ZERBITZU BERRIA MARTXAN
Monitore zerbitzua jarriko du Udalak, Zubikoa kiroldegiko gimnasioan
Oñatiko Udalak Zubikoa kiroldegiko gimnasioan, monitore zerbitzua kontratatzeko proposamena onartu zuen pasaden osteguneko Tokiko Gobernu Batzarrean. Udalerriaren kirol sistemaren azterketa eta diagnostikoa aurkezteko azken bileran jaso zen iradokizuna eta gaia aztertu ondoren, eta Ogasuna zein Kirol batzordeen irizpenak aldekoak direla kontuan hartuz, zerbitzua Egoitek enpresari esleitu dio, urte baterako. Martxoaren 2an hasiko da lanean monitore berria.

Kiroldegiko erabiltzaileek betidanik izan duten kezka izan da, erabilera libreko gimnasioan monitore zerbitzua jartzearena. 2015eko kirol zerbitzuaren gastu aurrekontuetan aurreikusia zegoen kontratua eta gaia ondo aztertu ondoren, kontratazioa egitea erabaki du Udalak.

2014ko ekainaren 26ko Tokiko Gobernu Batzarraren erabakiz, Zubikoa kiroldegiko fitness eta gimnasia zerbitzuen kontratazio publikoa egitea erabaki zen. Baldintza zerrenda, Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean eta Oñatiko Udaleko kontratazio web orrian 2014ko uztailaren 4an argitara eman zen. Lizitazio prozedura burutu ondoren, aipaturiko zerbitzuak, Egoitek enpresari esleitzea erabaki zen, kontratua 2014ko irailaren 15ean sinatu zelarik. Kontratuaren iraupena 2014ko irailaren 16tik, 2016ko irailaren 15ra bitartekoa izango da, beste bi urteko luzapena aurreikusten delarik.

Zerbitzuaren ezaugarriak

Zerbitzuaren ezaugarriak hauexek izango dira: Zaintza zerbitzuari dagokionez, aforoaren kontrola, segurtasuna bermatzea, materialaren zaintza eta arautegiak betetzea. Aholkularitza atalean berriz, jarduera fisikoaren gaineko oinarrizko orientazioa eta preskripzioa, jarduera fisiko osasuntsua sustatzeko aholkularitza, makina, gailu eta ekipamenduaren gaineko aholkularitza eta dinamizazio lanak lanak egitea eskatuko zaizkio.

Egutegiari dagokionez, 2015eko martxoaren 2tik ekainaren 13ra arte (aste santuko eta pazkoa astean eta zubietan izan ezik) eta irailaren 14tik abenduaren 23ra arte eskainiko ditu Egoitek enpresak, monitore zerbitzuok.

Ordutegiari begira jarriz gero, batez ere erabiltzaile gehien dagoen orduetan zentratzen da eskaintza (erabiltzaile gutxiago dagoen orduak alde batera utzi gabe). Era berean, tarteka, ostiral arratsaldeetan eta larunbat eta igande goizetan ere zerbitzua eskaintzea proposatzen da.

Urteko kontratuan guztira 628 orduko zerbitzua proposatu da, 21,5 ordu asteko. Dena den, bai asteko zerbitzuen banaketan, eta baita zerbitzuaren egutegi orokorran ere, aldaketak egiteko aukera izango du batzordeak, interes eta beharren arabera.

Aurrekontua

Egoitek enpresak aurkeztu duen aurrekontua kontratu txiki moduan onartu daitekeela kontuan hartuz eta bere iraupena gehien jota urte batekoa izango dela adierazi ondoren, Kirol Batzordeak aipatutako zerbitzua enpresa berari zuzenean esleitzea proposatu du. Urte bateko probaldia igaro ondoren eta dagokion balorazioa eginda, Udalak zerbitzuarekin jarraitu edo ez erabakiko du.

Aipaturiko monitore zerbitzua, 18.000 € (BEZ kanpo) kontratupean esleitu dio Udalak Egoitek enpresari. Bestalde, batzordeak jarduera fisikoa egiteko aholkularitza eta preskripzio zerbitzua, orokorra izatea eta zerbitzu pertsonalizatuak ez ematea ere eskatu dio enpresari.

Monitorea egongo da aurrerantzean, kiroldegiko gimnasioan. Argazkia: Egoitek

No hay comentarios:

Publicar un comentario