domingo, 28 de junio de 2015

JULEN IRIONDO.

Goienako Julen Iriondok irabazi du Rikardo Arregiren Sari Nagusia

Eneko Azkarate 2015-06-27 13:34  DEBAGOIENA  OÑATI
Goienako kazetari Julen Iriondok irabazi du Rikardo Arregi kazetaritzako Sari Nagusia, hiesdunen aldeko ekintzaile Jon Salaberri arrasatearraren gainean, lantaldearekin batera, Goiena telebistarako egindako dokumentalarengatik. 1995ean Hiesak jota hil zen "ekintzaile ahaztuaren" gainean Joxe Arantzabalek egindako ikerketa lana —besteak beste, Puntua aldizkarian argitaratutako artikulua— du oinarri saritu den ikus-entzunezkoak. Gaur, zapatua, banatu dira sariak Andoaingo Bastero kulturgunean.

Saritutako dokumentala


Erreportajea 'Puntua'-n

9.000 euro, agiria eta Xabier Laka eskultoreak egindako kaxa-oroigarria jaso dituzte Julen Iriondok eta Oihane Agirre Goiena telebistako zuzendariak, Ane Carrere Andoaingo alkatearen eta Patxi Baztarrika Hizkuntza Politikarako sailburu ordearen eskutik.
Ekitaldian izan dira Joxe Arantzabal eta dokumentalean, lekukotzen bidez, parte hartu duten beste hainbat lagun: Aitor Iturriaga, Domi Korta...

20 urte hil zela

Aurtengo maiatzaren 10ean bete dira 20 urte Jon Salaberri hil zela. Hori dela-eta Joxe Arantzabalekproiektu oso bat egin du hura ezagutzera emateko. Hala, Goienaren Puntua aldizkarian erreportajea argitaratu zuen Salaberriren bizitzaren berri emateko, martxoaren 27an. Horrekin batera, Wikipediansarrera bat gehitu zuen ekintzaile arrasatearraren gainean; Flickr-en igo zituen hainbat argazki,Sustatu-n eta Faroa blogean ere argitaratu zituen artikuluak...
Goiena telebistak gaiaren gainean egindako dokumentala maiatzaren 5ean emititu zuen. Datorren asteburuan berriro emitituko da.

"Belaunaldi oso baten bizipena"

Hauxe da epaimahaiak baloratu duena Julen Iriondoren ikus-entzunezkoa saritzeko orduan: "Ia ahaztuta genuen egoera, belaunaldi oso baten bizipena izan zena, gogora ekarri digu berriz ere Julen Iriondok bere ikus-entzunezkoaren bidez. Ahanzturatik atera eta balioan jarri du 80ko eta 90eko hamarkadan Hiesa pairatzen zuten gaixoen egoera ezagutarazteko eta hobetzeko Jon Salaberri arrasatearrak egindako lana. Hala, Joxe Arantzabalek argitaratutako artikulua eta ikerketa baliatuz, primeran egokitu du informazio hori guztia ikus-entzunezkoen formatura. Artxiboen erabilpena, elkarrizketak emateko editaia landu eta zaindua".
Julen Iriondok eskerrak eman dizkie bertaratuei, antolatzaileei, epaimahaiari eta gogoan izan du Goienaren Komunitatearen kide den Joxe Arantzabalek egindako ekarpena. Jon Salaberriri buruz, berriz, berbok esan ditu: "Drogazale izandakoa, homosexual eta hiesdun, baina aurpegia eman eta bere bizitza atzera kontaketan sartuta zegoela, lan egin zuen, eta nola, beste batzuen kontaketa, atzera ez baina, aurrerantz izan zedin denbora gehiagoz. Hareazko erloju bat moduan: berea agortuz zihoan heinean, gainerakoek pila handiagoa eduki zezaten borrokan. Horretan eta gizartea hezten. Jon, zuri ere zorionak sari honegatik, eta egin zenuenagatik, noski".
Oihane Agirrek ere ildo beretik. "Goiena komunikabide talde multimedia izanik, telebistan ere lekua egin behar geniola argi izan genuen. Arantzabalekin izandako lehen solasaldia gogoan dut: erreportajea oraindik ez nuen irakurri eta bere lanaren berri eman zidan. Hasieratik erakarri ninduen Jon Salaberriren historiak eta Arantzabalek egindako aurrelana itzela zen".

25 urteko artxiboa

Agirrek balioan jarri du, bestalde, Goienaren azken 25 urteko altxorra, Arrasateko eta Debagoieneko ikus-entzunezko materialari dagokionez. "25 urte dira ATB sortu zela; lehenengo Arrasateko eta ostean Debagoieneko historia jasotzen ari gara, ikus-entzunezko material horren bidez. Benetako altxorra daukagu gure artxiboan. Urte hauetan guztietan herri kazetaritza egin duten guztiena ere bada sari hau".

Beste hiru kazetari saritu

Bestalde, ikusita aurten "aurkeztutako lanen kalitatea", epaimahaiak erabaki du beste bi aipamen berezi egitea. Bata, Kazetari Berria atalean eta bestea Sari Nagusian. Honenbestez, Julen Iriondoz gain, beste hiru kazetari ere izan dira sarituak Rikardo Arregin aurten.
Batetik, Iñigo Astiz, Berria egunkarian argitaratutako kultura erreportaje sortarengatik. Sari Nagusiaren atalean saritu dute. Diploma eta Xabier Lakaren serigrafia jaso ditu.
Bestetik, Kazetari Berria atalean ere bi sari banatu dira aurten. Samara Veltek jaso ditu 3.000 euro eta diploma eta Xabier Laka eskultorearen oroi-ikurra, Berria egunkarian Eskoziako erreferendumari buruz egindako artikulu sortagatik.
Eta, Kazetari Berria atalean bertan, Mikel Ibargoienek, Gara egunkariko Gaur 8 gehigarrian argitaratutako emakume kirolarien inguruko sailarengatik, jaso ditu diploma eta Xabier Lakaren serigrafia.

Kultur kazetaritza eta sormena

Esandako moduan, Sari Nagusiari dagokionez, Iñigo Astizek Berria-n idatzitako Kantuan diren lekuak izeneko erreportajeak jaso du aipamen berezia. "Merezi du, epaimahaiaren ustez, beste sari berezia kultur kazetaritzari sormena eransten baitio bere lanean, eta informazio esparrutik esparru literariora egiten duelako jauzi".
Epaimahaiak zera baloratu du: "Literaturatik gertu dagoen arren, hizkera oso arina da, guztiz bisuala, umore ukituekin askotan. Iñigok lekuan bertan kokatzen gaitu, lekutik hasten da deskribapena eta bidaia musikalean, eta, era berean, pertsonalean murgiltzen gaitu. Hainbat jenderekin egonik kantuei buruzko lekukotasunak bilduz, zenbait abestiren gaurkotasuna adierazten du, zeren eta, oraindik ere, ezagunak eta kantatuak baitira, belaunaldiz belaunaldi egindako transmisioari esker. Horren adierazle, besteak beste, Martin Larralde, Joseba Sarrionaindiak idatzitako hitzak, Ruper Ordorikak musikatuak, Hazparneko herrian XIX. mendean gertatu istorio tragiko bati buruzko bertsoak oinarritzat harturik".

Eskoziaren independentzia

Kazetari Berria atalean, Samara Velte saritzeko arrazoien artean honakoa nabarmendu du epaimahaiak: "Forma aldetik ederki daude idatzita Eskoziaren independentzia erreferendumaren gaiaren monografiko eta artikulu sorta, horretarako, hainbat kazetaritza genero ezin hobeki jorratuta. Testuingurua bikain marraztuta, gaian sakontzea lortu du: ikuspegi historikoa erantsi du, datuen analisi ona egin, hainbat iturritatik edan eta iritzi kritikoak ere jarri ditu begi aurrean, hau da, giltzak ematen ditu irakurleak errealitate hori interpretatzeko gai izan dadin, alde batera edo bestera lerratu barik".

Emakume kirolaria eta genero ikuspegia

Kazetari Berria atalean bertan, Mikel Ibargoienen lana baloratzekoan emakume kirolarien gaineko artikulu sorta, hauxe azpimarratu du epaimahaiak: "Oso lan interesgarria, ikuspuntu desberdinetik jorratua, hau da, generoaren ikuspegitik, mahai gainean jartzen du gaiaren konplexutasun osoa. Kirol kazetariei hitz eman die, hedabideetan kirolari emakumeen presentzia eskasari buruzko eztabaida piztuz. Topikoetatik ihes egiten du Mikelek, eta kirol adituak ez diren irakurleak edo kirola gehiegi gustatzen ez zaienak ere arazoaren muinean kokatzen ditu. Bestalde, neska kirolariek bidea egiten dutela adierazten du, etorkizuna daukatela azpimarratu. Bere artikulu sortak publiko posible bat sortzen laguntzen du, finean".

Rikardo Arregi 2015 sariak

Sari Bereziak
  • Julen Iriondo. Goiena. Jon Salaberriren gaineko ikus-entzunezkoa.
  • Iñigo Astiz. Berria egunkarian argitaratutako Kantuan diren lekuak izeneko erreportajeak.
Kazetaritza Berria
  • Samara Velte. Berria egunkarian Eskoziako erreferendumari buruzko artikulu sorta
  • Mikel Ibargoien. Gara-ren Gaur 8 gehigarrian argitaratutako Emakume kirolarien inguruko saila.

No hay comentarios:

Publicar un comentario