lunes, 13 de julio de 2015

Olabarrietan semaforoak jartzeko lanak hasi ditu Foru Aldundiak

2015/07/13


Lanak Olabarrieta auzoan (Arg, Diario Vasco)

Lau semaforo jarri eta zebrabidea argiztatuko da auzorako sarrera-irteera erregulatu eta oinezkoen segurtasuna bermatzeko asmoz
  Olabarrieta auzorako sarrera egokitzeko lanak hasita daude jada. Segurtasuna hobetze aldera lau semaforo jarriko dira ibilgailuen abiadura baretu eta sarrera-irteera erregulatzeko. Lau semaforo horietako bi GI-2630 errepidean ipiniko dira eta beste bi auzoko bidegurutzean bertan. Zebrabidean jarriko den semaforoak oinezkoentzako pultsadorea izango du eta gainerakoek kotxe detektagailuak izango dituzte. Horrela, beharraren arabera berde edo gorri jarriko dira.
  Semaforoak jartzearekin batera, oinezkoentzako zebra-bidea argiztatuko da, auzotarren aspaldiko eskaerari erantzunez. Era berean, oinezkoentzako babesgune edo isleta bat egokituko da bidegurutzean, trafikoa hobeto bideratu eta oinezkoen segurtasuna bermatzeko.
  Aurreko egunotan, argindar azpiegitura prestatzeko lanak egiten hasi dira eta laster, bestelako egokitze lanak egin eta semaforoak jarriko dira. Lanak, bi asteko epean amaitzea aurreikusten baita. Hori da behintzat Foru Aldundiko arduradunek Udal ordezkariei jakinarazi dietena, lanak, Diputazioa egiten ari baita, GI-2630 errepidearen jabe den aldetik.
  Olabarrietako auzotarrek eta Udalak berak sarritan eskatu dute Udanatik behera datorren errepidean eta konkretuki, auzorako sarrera-irteera dagoen puntu horretan abiadura moteltzeko bitartekoak jartzea. Olabarrietarako sarrera zuzengune edo rekta batetan kokatzen da eta ibilgailuak, abiadura handian iristen dira. Abiadura moteltzeko seinaleak dauden arren, beti ez dira errespetatzen. Semaforoak jarrita, abiadura baretu eta era berean, auzotarren sarrera-irteerak erregulatu eta modu seguruagoan egin ahal izango direla espero da. Horretarako lanak hasita daude jada.
Iturria: Oñati Irratia

No hay comentarios:

Publicar un comentario