lunes, 21 de septiembre de 2015

Mugikortasun Jasangarriaren astea eta Eskolako Bidea egitasmoa eskutik datoz gurean

2015/09/21.

Txantxiku ikastola eta Elkar Hezin eskolara oinez eta taldean joateko ekimena errepikatuko dute eta Urgain-Errekalden sentsibilizazio ekintza berezia egingo dute
  Herriko ikastetxeek mugikortasun aktiboa, autonomoa eta segurua aldarrikatuz bat egin duteEuropa mailan ospatzen ari den Mugikortasun Jasangarria astearekin. Ekimena Eskolako bideaegitasmoarekin uztartu dute. 
Txantxiku Ikastolak eta Elkar Hezi ikastetxeak, eskolarako bidea oinez egitea sustatzea helburu duten ekimenak antolatu dituzte. Urgain-Errekalden berriz, gurasoak eta hezitzaileak sentsibilizatzeko ekintza egingo dute.
  Txantxiku ikastolan Oinez Ikastolara ekimena burutuko dute aste osoan eta Elkar Hezi ikastetxean berriz, ElkarBusa abian jarriko dute asteazkenetik ostiralera. Bi ekimen hauek haurrak taldeka eta helduen laguntzarekin eskolara oinez eta seguru joatea dute helburu. Autobus baten antzera, hainbat tokitan hasiko diren ibilbideak  finkatzen dira eta tartean, inguruetan bizi diren ikasleak batzeko geraleku ezberdinak zehazten dira. Oinezko autobus hau ordutegi jakin batean pasako da geraleku bakoitzetik. Eskolarako bidea oinez eta lagunekin egitea sustatu nahi da, autoak alde batera utzita.
  Urgain-Errekalden urteak daramatzate Eskola trena deritzoten antzeko ekimena egiten eta horregatik, urrats bat haratago jotzea erabaki dute, Eskolako bidearen diagnostiko fasean, antzeman zen beste arazo bati aurre egin asmoz. Haurrek beraiek azaldu zutenez, eskola sarrera-irteeretan ikastetxe inguruan aparkatzen diren autoak elementu arriskutsu gertatzen zaizkie. Autoek ohiko pasa-lekuak okupatzen dituzte eta ikusmena mugatzen dute.
Halako praktikak dituzten guraso eta helduei sorrarazten dituzten bide segurtasun arazo horiek ikusarazteko, eskola ingurua eraldatuko dute. Ostegunean, eskola inguruan kotxerik gabeko espazioa handituko dute, oinezkoentzako espazio seguruagoa egokituz.
  Mugikortasun astearen berri eman eta ikastetxeetan antolatu diren ekintzetan parte hartzeko gonbidapenarekin batera, Oñatin oinez, patinetez edo bizikletan eskolara izeneko esku-orria banatu da ikastetxeetan. Gurasoei zuzendutako informazio materialak sentsibilizatzea du helburu eta besteak beste,  mugikortasun aktiboa eta autonomoa zein garrantzitsua den azaltzen du.
Iturria: Oñati Irratia

No hay comentarios:

Publicar un comentario