miércoles, 6 de enero de 2016

Gabonetako txapelketa irabazi

OK MAGAZINEA

2016-01-06 15:41:57
GAZTE MAILAKO KATEGORIAN ONENA IZAN ZEN
Bera Beraren Gabonetako txapelketa irabazi du Aloña Mendik
Aloña Mendiko gazte mailako emakumezkoen taldeak, Bera Beraren Gabonetako txapelketa irabazi zuen larunbatean. Jokaturiko bi partidetan, garaipen bat eta berdinketa bat eskuratu zuten Idurre Elorzaren neskek eta emaitza horiei esker, jubenil mailako talde onena izan zen oñatiarra.

Aloña Mendiko gazte mailako emakumezkoen taldea Bera Beraren Gabonetako txapelketan aritu zen pasaden larunbatean. Iazko lehen ekitaldiaren arrakasta ikusirik, aurten bigarrena antolatu du talde donostiarrak eta orokorrean, eskubaloi festa ederraz gozatu ahal izan zuten Bidebietako kiroldegira hurbildu zirenek. Goizeko 9:30etan hasi eta iluntzeko 20:00 arte etenik gabe jokatu ziren infantil, kadete eta gazte mailako partida guztiak. Eta etxeko taldearekin batera, Urola, Elgoibar, Bidasoa, Zarautz eta Aloña Mendiko ordezkariak izan ziren txapelketako gonbidatuak.

Emakumezkoen gazte mailako txapelketa, hiruko erara jokatu zen. Talde bakoitzak beste bi ordezkarien aurka jokatu behar zuen eta partida guztiak amaitu ondoren, emaitza eta zenbaki onenak zituen taldeak eraman zuen txapelketa. Oñatiarren kasuan, lehen aurkaria Zarautz izan zen. Partida oso lehiatua jokatu zuten eta kosta egin zitzaien arren, azkenean 10-11 irabazi zuten Elorzarenek. Eguerdian Zarautzek 12-17 irabazi zion Bera Bera taldeari eta hirugarren eta azken partiduan Donostiar eta Oñatiarren artekoa, 14-14 berdinketan amaitu zen.

Garaipen eta berdinketa batekin, txantxikuarrak izan ziren gazte mailako txapelketako onenak. Taldeko ordezkari batek OK Magazineari jakinarazi dionez, «Donostiako txapelketa hau jokatzea oso ondo etorri zaigu. Izan ere, aurrean izan ditugun bi aurkariak, Euskal Ligan daude eta gure aurtengo helburua bertara igotzea da».

Aloña Mendi lehen postuan dago uneotan sailkapenean eta Gabonetako etenaldiaren ostean, asteburuan ekingo diote berriz ere txapelketari. Hirugarren postuan dagoen Zarautzi bisita egingo diete Elorzaren neskek.

Aloña Mendiko ordezkariak Bidebietako kantxan

No hay comentarios:

Publicar un comentario