lunes, 21 de marzo de 2016

Ibon eta Iñigo Perez

OKMAGAZINEA

2016-03-21 12:03:17
7-22 IRABAZI ZIOTEN OSTIRALEAN ARRASATEKO BIKOTEARI
Ibon eta Iñigo Perezek, Gipuzkoako Udaberri txapelketa irabazi dute
Aloña Mendiko harrobiko pilotariek emaitza positiboak pilatzen jarraitzen dute. Ibon Perez eta Iñigo Perez kadete 2. mailako bikoteak, Gipuzkoako Udaberri txapelketa bikaina jokatu dute. Lehia guztiak gainditu ostean, duela hamabost egun eskuratu zuten finalerako txartela txantxikuarrek. Ostiral arratsaldean jokatu zuten partida erabakiorrean ere, erraz nagusitu ziren Oxel Iturriotz eta Ander Llodio Arrasateko bikotearen aurrean (7-22).

Ibon Perez eta Iñigo Perez kadete bigarren mailako Aloña Mendiko bikoteak, merezimendu osoz irabazi du Gipuzkoako Udaberri txapelketa. Ostiral arratsaldean finalean 7-22 nagusitu zitzaien Oxel Iturriotz eta Ander Llodio Arrasatearrei eta aurretik egindako lan bikaina borobiltzea lortu zuten Sergio Uriarteren pilotariek.

Oñatiko bikoteak, txapelketako partida guztiak irabazi ditu. Lehen ligaxkan bostetik bost, final laurdenetan 22-19 irabazi zioten Andoaineko bikoteari eta final erdian, itzulerako partida jokatu ez arren, joanekoan 22-7 nagusitu ziren Zegamako pilotarien aurrean. Hori horrela, txapelketako lehia guztiak irabazita iritsi ziren ostiraleko final nagusira.

Sakea erabakiorra

Ikusmin handia piztu zuen ostiral arratsaldeko finalak. Zubikoako harmailetan jende dexente bildu zen oñatiarrak aupatzera eta azken emaitza ikusirik, beraien helburua bete zutela esan daiteke. Izan ere, ostiraleko garaipena sakean eta arrasatearren akatsetan oinarritu zen. Ibon Perezek sake bikainak egin zituen eta Ander Llodiok ez zuen bere onena ematerik izan. Hala ere, maila handiko pilotaria zela erakutsi zuen egindako bizpahiru tantu ikusgarriak izan baitziren.

0-4 markagailuarekin hasi zen lehia oñatiarren alde eta ondorengo hiru tantuak arrasatearrenak izan baziren ere, partida momentu oro kontrolpean izan zuten Uriarteren mutilek. 3-6 / 3-9 / 6-10 / 7-12 horrela mugitu zen markagailua lan erdietara iritsi bitartean eta hortik aurrera, arrasatearrak ezinean eta Ibon eta Iñigo Perez, gozatzen jardun zuten azken emaitzara iritsi arte (7-22).

Orain, bi astez atsedena hartuko dute oñatiarrek. Aste Santuak igaro ondoren, lauterdiko txapelketarekin hasiko dira Aloña Mendiko pilotari gazteak.

Iñigo eta Ibon Perez, Gipuzkoako Udaberriko sariarekin

No hay comentarios:

Publicar un comentario