lunes, 21 de marzo de 2016

Saioa Arkonada eta Axier Alonso

OK MAGAZINEA

2016-03-21 15:04:35
ARKONADA BIGARREN ETA ALONSO HIRUGARREN
Saioa Arkonada eta Axier Alonso, Kolazinoko mendi lasterketako podiumean
Saioa Arkonada eta Axier Alonso oñatiarrak podiumera igo dira asteburuan Bedian (Bizkaia) jokatu den Kolazinoko mendi lasterketan. Arkonada bigarrena izan zen emakumezkoen artean eta Alonsok berriz, hirugarren postuan amaitu zuen gizonezkoen arteko sailkapen nagusian.

Bi garaikur berri lortu dituzte asteburuan Oñatiko mendi lasterkariek. Saioa Arkonada eta Axier Alonsok podiumean amaitu baitzuten Kolazinoko lasterketa. Bediako (Bizkaia) Tiritu kultur taldeak antolatuta, bigarren ekitaldia bete zuen larunbat goizean Kolazinoko mendi lasterketak. 26 kilometroko ibilbide lokaztu eta azkarrari aurre egin behar izan zioten bertan izan ziren 119 korrikalariek.

Julen Ozaeta izan zen eguneko lasterkaririk azkarrena. Durangarrak 2:06:58 zeharkatu zuen helmuga eta merezimendu osoz jantzi zuen garailearen txapela. Bigarren postua ordea, lehiatuagoa izan zen. Joanes Goitisolo eta Axier Alonso oñatiarrak elkarrekin egin zituzten ibilbideko hainbat kilometro. Tartean galduta ere ibili zirela onartu digu txantxikuarrak. «Niretzat ibilbide oso gogorra zen. Pista asko eta aldapa gutxi zituen eta leku azkarretan sufritzea tokatu zitzaidan» onartu dio OK Magazineari. Azkenean Goitisolo izan zen bigarrena (2:10:55) eta Alonsok hirugarren postuaz konformatu behar izan zuen (2:13:30).

Arkonada bigarren

Gizonezkoen artean ez ezik, emakumezkoetan ere, Saioa Arkonadak podiumean amaitu zuen lasterketa. Kasu honetan, bigarren postua eskuratu zuen Zegaman jaiotako korrikalariak. Zuriñe Frutosek nagusitasun handia erakutsi zuen eta ia sei minutuko aldea atera zion Arkonadari. Artziniegako korrikalariak 2:46:50 amaitu zuen proba.

Arkonadak azken asteetan arazo fisiko txiki batekin ibili den arren, sasoiko jarraitzen duela erakutsi zuen eta denboraldiko hirugarren podiuma eskuratu zuen larunbatean -guztietan bigarrena izan da-. Oñatiarrak 2:52:43 zeharkatu zuen helmuga arrastoa eta 43 segundu atera zizkion helmugan, hirugarren sailkatua izan zen Raffaella Ciavola gasteiztarrari (2:53:26). Aipatu Arkonadak iazko postu berbera errepikatu zuela larunbatean. Iazk ere, azpitxapeldun izan baitzen Bediako lasterketan.

Alonso eta Arkonada saritu guztien artean. Argazkia: www.ilunefoto.com

No hay comentarios:

Publicar un comentario