miércoles, 13 de abril de 2016

Sergio Garcia garaile

2016-04-13 16:46:53
URTEKO AURRENEKO GARAIPENA IZAN DA
Sergio Garcia garaile Hoznayoko 10 kilometroetan
Sergio Garcia korrikalari oñatiarrak, urteko lehen garaipena lortu zuen igandean Kantabrian. Hoznayoko herriak maratoi erdiko lasterketa antolatu zuen aurrenekoz, eta distantzia luzea eguneko zita nagusia bazen ere, Entrambasauas izeneko 10 kilometroko lasterketaren lehen edizioa ere jokatu zen. Distantzia motzeko proban garaipena, Aloña Mendiko Sergio Garcia txantxikuarrak eskuratu zuen.

700 lasterkari inguru elkartu zituen igandeko atletismo jaialdiak. Gehientsuenak maratoi erdia egin zuten, baina 10 kilometroko lasterketak, ia 300 parte-hartzaile batu zituen; tartean Yeray Varela eta Sergio Garcia oñatiarrak aurkitzen zirelarik. Korrikalariek haize bolada gogorrak jasan behar izan zituzten eta horrek, asko gogortu zuen lasterketa.

Aloña Mendiko bi ordezkariak hasieratik kokatu ziren gizon indartsuenen artean. Hala ere, Garcia izan zen bietan indartsuena. Varela saiatu zen baina azken kilometroetan erritmoa jaistea erabaki zuen Garciaren mesedetan. Azken hau indartsu aurkitzen zen eta Yassine Laazzaouyrekin borrokatu zuen garaipena. Zorionez azken metroetan indartsuagoa izan zen oñatiarra eta garaipena eskuratu zuen. Garciak 33:14 zeharkatu zuen helmuga arrastoa eta sei segundu atera zizkion Laazzaouyri (33:20). Hiru segundutara iritsi zen Jose Luis Fernandez (33:23) hirugarren sailkatua. Yeray Varelak bederatzigarren postuan amaitu zuen lasterketa (34:14).

Probako sailkapen ofizialak [hemen].

Ugarte garaile Saltokirekin

Sergio Garcia ez da asteburuan podiumeko kaxoi nagusira igo den herritar bakarra izan. Mikel Ugarte duatletak ere, ohore hori izan baitzuen larunbatean Eguesibarko taldekako duatloian. Saltoki Trikideakeko ordezkariak, probako indartsuenak izan ziren eta podiumean S.D.R. Arenas eta Erreka K.E. taldeak izan zituzten alboan.

Sprint distantzian (5-22-2,5) lehiatu zen lasterketa eta bi aste barru Sorian jokatuko den Espainiako taldekako duatloi txapelketari begira, test garrantzitsua izan zen Nafarroakoa. Probako garaipen nagusia eskuratzeaz gain, Nafarroako txapelketa ere irabazi zuten Ugarte eta bere taldekideek.



Garcia larunbateko lasterketan

No hay comentarios:

Publicar un comentario