martes, 5 de abril de 2016

Xabier Murgiondo garaile Debako Amaikak Bat lasterketan

ok magazinea
2016-04-05 16:22:44
TALDEKA ULMA-ALOÑA MENDI ONENA IZAN ZEN
Gazte mailako Aloña Mendiko txirrindulariek lan bikaina egin zuten larunbatean Debako LXIII. Amaikak Bat lasterketan. Xabi Murgiondok garaipena lortu zuen, eta Mikel Arregi antzuolarra hirugarren helmugaratu zen. Hori gutxi balitz, mendiko saria Ekaitz Txintxurretarentzat izan zen, eta guztia borbiltzeko  taldeko sailkapena ere, oñatira ekarri zuten ULMA Aloña Mendiko ordezkariek.

Debako herriak Amaikak Bat txirrindulari lasterketaren LXIII. ekitaldia hartu zuen larunbat goizean. Gazte mailako proba giro onarekin lehiatu zen eta bizikletan ibiltzeko baldintza erosoak bazeuden ere, Debako hondartza parean dagoen tunelaren altueran egon zen erorikoak asko baldintzatu zuen lasterketa. Euskadi eta Nafarroatik iritsitako 70 ziklistak osatu zuten tropela eta horietatik 36 soilik iritsi ziren helmugara.

86 kilometrotako proban zehar, Aloña Mendiko ziklista guztiek lan bikaina egin zuten. Hori horrela, ihesaldi ezberdinak aprobetxatu eta bakar-bakarrik iritsi zen Xabier Murgiondo helmugara. 2:08:03 kronoan osatu zuen ibilbidea oñatiarrak eta 40,3 km/o bataz-bestekoarekin eguneko txirrindularirik indartsuena izan zen. Minutu eta sei segundu atera zion Arturo Gravalos (Asesores de Navarra) ziklistari (2:09:09) eta podiumeko hirugarren postua, ULMA Aloña Mendiko Mikel Arregi antzuolarrarentzat izan zen (2:09:55). Horiek baina ez ziren eguneko sari bakarrak izan. Ekaitz Txintxurretak mendiko saria eskuratu zuen eta taldeka, ULMA Aloña Mendik garaikur nagusia lortu zuen.

Murgiondok Oñati Irratian hitz egin du gaur eguerdian. Denboraldiko lehen garaipena gustora hartu duela onartuta, aurrera begira, konfidantza emango diola adierazi du ziklista txantxikuarrak. Hemen daukazue elkarrizketa osoa entzungai:


Ziklismo eskolakoak ere bikain

Gazte mailako ziklistez gain, asteburuan harrobiko beste hainbat lasterketa ere jokatu dira han-hemenka. Eskolarte mailan esaterako, bi garaipen eta bigarren postu bat lortu dute Bizipoz Aloña Mendiko ordezkariek. Alebinetan Aimar Madinak, eta infantiletan Aimar Erostarbek, garaipena lortu zuten eta azken kategoria honetan, baina emakumezkoen artean, Sara Arregi bigarrena izan ziren Mendaroko lasterketan.

Murgiondo denboraldiko lehen garaipena ospatzen.

No hay comentarios:

Publicar un comentario