viernes, 23 de septiembre de 2016

AITOR ARANBURU

ok magazinea


2016-09-23 09:19:45
IGANDEAN HASIKO DU DENBORALDI BERRIA IZARRAITZ ALOÑA MENDIK
Aitor Aranburu: «Konfidantza handia daukat jokalariengan. Talde honi asko eskatu dakioke»
Aurredenboraldi gogor bat burutu ostean, igandean hasiko du Izarraitz Aloña Mendik Euskal ligako bigarren denboraldia. Iaz kategoriako sorpresa positibo bilakatu zen talde oñatiarra eta iraganean egindakoa berretsi edo hobetzeko asmoz, ekingo dio sasoi berriari asteburuan Aranbururen taldeak.

Kategoria berri bat estreinatzen denean, lehen urtea baino, bigarrena izaten da askotan zailena. Konfirmazioarena, hain zuzen ere. Izarraitz Aloña Mendik sekulako ezustekoa eman zuen iaz ligako oilarrekin lehiatzeko kapaz zela erakutsiz, eta ordukoa oraindik ahaztu gabe dagoen honetan, lan-jantzi berria jarri, eta bigarren ikasturtez maila beretsua emateko gai dela erakutsi nahi dute.

Aranburu entrenatzaileak, iazko bloke gehiena mantenduko du. Kepa Zelaia izango da hutsune bakarra -Ford Mugarrira joan da- eta bestelakoan, gazte mailatik igotako hainbat jokalarik osatuko dute talde berria.

Bigarren taldea

Junior mailan dauden jokalari multzo handia dauka aurten bere esanetara teknikari txantxikuarrak eta denak talde bakarrean sartzea ezinezkoa zenez, senior mailako bigarren talde bat osatu dute. Guztiek jokatzeko aukera izan dezaten. Lurralde mailan jokatuko du eta 23 urtez azpiko jokalariz hornituko da Francisco Benitoren aginduetara lehiatuko den plantilla berria. Hala ere, asteko lana elkarrekin egingo dute eta bigarren taldeko jokalariek lehen taldearekin jokatzeko aukera izango dutela aurreratu zigun Aranburuk.

Igandean estreinua, Tolosan

Lehen taldeak etxetik kanpo hasiko du denboraldia. Igandean (12:00) Tolosari bisita egingo diote eta partidu zaila aurreikusten du Aranburuk: «Iaz jaitsi egin ziren baina azkenean beste talde batek utzitako plaza hartu eta iruditzen zait, aurten, iaz baino talde gogorragoa izango dela».

Denboraldirako izango dituen helburuak ostera, anbiziotsuak izango direla dio teknikariak: «Lehen helburua, maila mantentzea da baina hori baino gauza hobeak egiteko gai garela uste dut. Konfidantza handia daukat jokalariengan» zioen atzo Oñati Irratian. Era berean, Euskal liga indartu egin denaren susmoa ere badauka Aitorrek. «Ez ditut beste taldeak asko ikusi, baina esan digutenagatik jokalari garrantzitsuak itzuli dira kategoriara» baieztatu zuen.

Eskertza mezua jokalariei

Atzo eguerdian Oñati Irratian eskaini zuen elkarrizketan, etxean gelditzeko erabakia hartu duten jokalariei eskertza mezua eskaini nahi izan zien Aranburuk: «Iazko denboraldia ez zen oharkabean pasa eta gu baino goragoko mailan dauden talde batek baino gehiagok egin dizkie eskaintzak hiruzpalau jokalariri. Kasu gehienetan maila bat gorago jokatzeko, baina beste batean, bi maila gorago jokatzeko zen eta eskaintzak jaso dituzten jokalari guztiek, erabaki dute etxean jarraitzea» Rafa eta biok asko eskertzen dugu euren ahalegina.

Bestelakoan, denboraldi berriari buruzko hainbat kontu interesgarri azaldu zituen atzo Aranburuk Oñati Irratian. Hemen daukazue elkarrizketa guztia entzungai:


Aranburu entrenatzailea, Zubikoako kantxa nagusian

No hay comentarios:

Publicar un comentario