domingo, 30 de octubre de 2016

Urtebeteko lanaren ostean, ilusioz aurkeztu dute txirrindularitza sailaren 50. urteurreneko liburua

Amaia Txintxurreta 2016-10-29 10:45   KIROLA  OÑATI
Jendez bete zen Oñatiko udaletxeko osoko bilkuren aretoa, Aloña Mendiko txirrindularitza sailaren 50. urteurreneko liburua aurkezteko egin zen ekitaldian. Bertan jasotzen dira Aloña Mendiko lehenengo garaipenak, lasterketa interesgarrienak, munduko txapelketa zergatik egin zen Oñatin... Ziklo-kross taldearen aurkezpena ere egin zuten.
Kepa Umerez, Eneko Azurmendi eta Imanol Arkauz, aurkeztu berri duten liburua eskuetan dutela |
Liburuari testuinguru historikoa emateko, Aloña Mendiko txirrindularitza saila sortu aurreko 50 urteen testuingurua jasotzen da hasteko. Bertan Oñatin txirrindularitzan eman ziren lehen pausuak zeintzuk izan ziren azaltzen da. Eta liburuan aurrera joan ahala 1966an sortu zen Aloña Mendiko txirrindularitza sailari buruzko informazio ugari jasotzen da: zeintzuk izan ziren Aloña Mendiko lehenengo garaipenak, lasterketa interesgarrienak, munduko txapelketa zergatik egin zen Oñatin... Hori guztia eta gehiago azaldu zituen atzo iluntzean Oñatiko udaletxean egindako aurkezpen ekitaldian txirrindularitza saileko kide Imanol Arkauzek.
Herritarrak, liburuaren aurkezpenean.
Eneko Azurmendi liburuaren idazleak bestetik, gehitu zuen liburua testu hutsa ez izateko, hainbat elkarrizketa daudela garaian garaiko protagonistei egindakoak eta argazkiek ere garrantzia handia dutela aurkeztu berri duten liburuan. Argazki horiek antolatzen eta sailkatzen "lan handia" egin dutela adierazi zuen, baina azkenean liburu "polita eta irakurterraza" egin dutela.

Eguaztenetik salgai

Liburua 20 euroren truke erosi ahal izango da eguaztenetik aurrera ondorengo lekuetan: Urzelai estankoan, Txokolateixan, Lizarralde kirolak dendan, Caravanas Oñate dendan eta baita Aloña Mendiko bulegoan ere.

Ziklo-kross taldearen aurkezpena

Ekitaldian ziklo-kross taldearen 2016-2017 denboraldiko aurkezpena ere egin zuten. Hauek ibiliko dira lehian denboraldi berrian: kadeteetan, Ander Blazquez, Unai Cueva eta Aritz Torres; eta junior mailan Ander Gartzia eta Garazi Erostarbe (Caja Rural). Zuzendariak berriz, Iker Arkauz, Julen Arkauz eta Xabier Aiastui izango dira.
Ziklo-kross taldea 2016-2017 denboraldian.

No hay comentarios:

Publicar un comentario