lunes, 7 de noviembre de 2016

Oñatiko Eskola Kirolaren osasuna

ok magazinea
Aitor Guridi
2016-11-07
Oñatiko Eskola Kirolaren osasuna
Badira hiru ikasturte, Oñatin kirolaren egoera zein zen jakiteko azterketa bat egin zela. Bertan, kirolarekin zerikusia zuten alderdi desberdinak behatu zituzten; Kiroldegia, Aloña Mendi-a, Eskola Kirola, herriko kirol instalakuntzak…etab.

Ikasturte horretan, eskola kiroleko batzordean sartu nintzen ni eta bertako egoeraren berri izan nuen. Egia esan, puntu batzuk ezagutzen nituen baina beste batzuekin harrituta geratu nintzen. Gure eskola kirolaren osasuna hobea zelakoan nengoen eta nindoan leku guztietan horrela adierazten nuen gainera. Batzordea barrutik ezagutuaz eta nire alaba eskola kiroleko programan murgiltzen hasi zenean, hutsune horiek are argiago ikusten hasi nintzen.

Azterketak argitzera eman zuen puntuetako bat eskola kiroleko batzordeak entitate juridikorik ez duela izan zen eta legalki ez dela existitzen. Orain arte, eskola kirola ikasturtez ikasturte bertan egon diren eskola desberdinetako koordinatzaile, guraso eta udaleko langileak egin duten lanaren ondorioa izan da. Hala ere, eskola kirola ez da inoiz erakunde bat izan. Kanpo aholkularitzaren arabera, honek etorkizunean arazoak ekarri zitekeen. Hau horrela izanik, egoera eguneratu beharra ikusi zen. Ondorioz, eskola kirol batzordeari entitate izaera emateko, Eskola Kiroleko Elkartea osatzeko aholkua jaso genuen.

Momentu honetan, herriko ikastetxe eta guraso elkarte desberdinak Eskola Kiroleko Elkartea eraikitzen ari gara. Behin hori egin ondoren, Oñatirako egokia ikusten dugun eskola kirol programa prestatzen hasiko gara poliki-poliki. Horretarako, lehen aipaturiko azterketak emandako datuak eta horren inguruan ikastetxe desberdinak, udalak eta herriko kirol elkarte desberdinek egindako gogoetak izango dira kontutan. Idatzi honetan ez ditut denak aipatuko, luze joko lukeelako baina bai ondorengo hau.

Aurreko batean idatzi nuen bezala, gure herrian eskola kirolak beste edozein herritan baino ikasturte gehiago daramatza eta familia askotako astebukaeratako bizimoduan barneratuta dago. Larunbat goizetan, gure seme-alabak eskola kirola egitera joatea ohikoena bihurtu da baina ekintza hori eskola kirola al da? edo txapelketa soila da? Zeintzuk dira eskola kirolaren helburuak?

Nere bizipenengatik eta burututako azterketak azaldutakoagatik, momentu honetan gure seme alabak egiten dutena txapelketa bat da, ez ordea eskola kirola. Horrez gain, ikastexe, guraso elkarte eta Aloña Mendik egindako hausnarketan, gaur egungo programak ez ditu betetzen eskola kirolerako nabarmendutako helburuak. Adibide bat jartzearren, astean zeharreko saioaren artean eta asteburuetako partiduaren artean ez dago inongo loturarik. Gainera, asteburu askotan partidua jolastera datozen haurrek ez dituzte arauak ezagutzen, ez nola jolasten den, ezta zeintzuk diren euren taldekideak. Dudarik gabe, neska-mutiko bakoitzaren abileziaren arabera jolasten dira partiduak.

Datozen ikasturteetan eskola kiroleko elkarteak burutuko ditu egin beharreko hobekuntzak Eskola Kirolaren funtzionamenduan. Zalantzarik gabe, denetariko iritziak izango dira baina kontutan hartzea gustatuko litzaidake hor lanean dabiltzenak denondako onena dena bilatzen ari direla. Jarraituko du... 

No hay comentarios:

Publicar un comentario